Mundua -
Energia atomikoa
AEB OIEAtik botatzea eskatu du Ahmadineyadek
Batzar Orokorraren eztabaida utziz erantzun diote AEBek, Britainia Handiak eta Frantziak.
Erredakzioa
Amerikako Estatu Batuak (AEB) Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziatik (OIEA) botatzea eskatu du gaur Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak, orain arte bonba atomikoa jaurti duen herrialde bakarra izan delako.
Erakundetik alde egiteko eskatu dio Ahmadiyadek Washingtoni, "Japoniaren kontra bi bonba nuklear jaurtitzeagatik eta Iraken uraniozko armamentua erabili izanagatik". Batzar Orokorraren eztabaida utziz erantzun diote AEBek, Britainia Handiak eta Frantziak.
"Arma Atomikoak Ez Ugaltzeko Tratatutik (TNP) at diren Estatuekin lankidetza nuklearrak etetea" eskatu du Ahmadiyadek, eta baita "harremanak dituztenei zigortzea" ere. Israeli erreferentzia argia egin dio Irango agintariak, izan ere, Israelek ez du TNP sinatu eta ustez armategi atomikoa du.
Desarme nuklearra
Desarme nuklearraren gaietan Mendebaldeak neurri bera erabiltzen ez duela salatu du berriro agintariak. Israelek "ehunka arma nuklear" dituela esan du Ahmadineyadek, eta horrek eskualdeko Estatuei mehatxu egiten die.
Era berean, NBEko Segurtasun Kontseilua kritikatu du Irango presidenteak. "Bidegabea eta eraginkorra ez" dela uste du, gainera "arma nuklearrak dituzten Estatuen zerbitzura" dagoela salatu du Ahmadineyadek.
Irango politikariak hitzaldia eman baino lehen, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak hitza hartu du eta programa nuklearraren inguruan diren zalantzak argitzeko eskatu dio Teherango Gobernuari.