Mundua -
AEBetan
Milaka lagun batu dira kostan petrolio orbanari aurre egiteko
Petrolio orbana ez da kostara heldu, baina oso hurbil dago: itsasoan ibiltzen diren hainbat hegazti petrolioz lohituta aurkitu dituzte.
Erredakzioa
Milaka boluntario, Guardia Nazionaleko 23.000 kidek lagunduta, Mississippi, Lousiana, Florida eta Alabamako kostetan batu dira petrolio orbanari aurre egiteko.
Oraindik ez da heldu, baina agintarien ustez ordu gutxi barru iritsiko da kostaldera.
Dagoeneko orban horren aztarnak nonahi aurkitu daitezke kostaldetik hurbil dauden zenbait uhartetan.
Hondoratutako plataformatik petrolioa etengabe ari da isurtzen. British Petroleum (BP) enpresako teknikariek hiru zuloetatik bat estaltzea lortu dute. Hala ere, isuria ez da eten, lehen bezala, egunean 5.000 upel petrolio inguru isurtzen dira itsasora, enpresak dioenez.
Estatu Batuetako petrolio industriako adituek, ostera, besterik diote: egunero 40.000 upel isurtzen direla.
Informazio hori baieztatzen bada, oraindik zailagoa izango da petrolio ihesa gelditzea. British Petroleumeko langileek ez dute etsi eta aurreko egunetan eraiki duten altzairuzko egitura erraldoia untzi batean sartzen hasi dira.
Asteburuan 100 tonako kupula erraldoi hori 1.500 metroko sakoneran ipiniko dute petrolio ihesik handiena estaltzeko. Era horretako operazioa egiten den lehen aldia denez, ezin daiteke jakin eragina izango duen.