Mundua -
Hauteskundeak
Erresuma Batuak azken 36 urteetako bozketa lehiatuenak ditu gaur
Laboristen eta kontserbadoreen arteko alderdi-bitasuna hautsi egingo dela baino ez dago argi. Seguru aski, Parlamentuak ez du gehiengo osoa izango, 1974 urtetik lehen aldiz.
Erredakzioa
Berrogeita bost milioi pertsona botoa ematera deituta daude gaur Erresuma Batuan, lehen ministroa aukeratzeko hauteskundeetan. Une honetan zalantza ugari daude, eta laboristen eta kontserbadoreen arteko alderdi-bitasuna hautsi egingo dela baino ez dago argi.
Herrialde osoan dauden 50.000 hauteslekuak 08:00etatik 23:00etara (Euskadiko ordua) izango dira zabalik, baina zenbaketa oso motela izango da eta bihar arte ez dira jakingo emaitzak.
Gainera, barruti batean (Thirsk and Malton, Ingalaterrako iparraldea) maiatzaren 27an egingo dituzte hauteskundeak, hautagaietako bat hil egin baita.
Hauteslekuak itxi bezain pronto, hiru telebista-katek euren inkesten emaitzak publikatuko dituzte. Iraganean oso zehatzak izan dira azken emaitzekin alderatuta.
Erresuma Batuko Komunen Ganberak 650 diputatu ditu (533 ingeles, 59 eskoziar, 40 galestar eta 18 iparrirlandar).
Azken inkestetan Gordon Brown lehen ministroaren Alderdi Laboristak hazkunde txikia izan du, eta bigarren postua berreskuratu du boto-asmoan, azken asteetan hirugarren tokian, Nick Cleggen Alderdi Liberal Demokrataren atzean, egon eta gero.
Hain zuzen ere, betiere aipatu inkesten arabera, kontserbadoreek botoen % 35 lortuko lituzkete, laboristek % 29-30 eta liberal-demokratek % 24-26. Horrenbestez, Parlamentuak ez luke gehiengo osoa izango, 1974 urtetik lehen aldiz.
Hautagai bat, zaurituta gaur aire istripuz
Nigel Farage Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiko (UKIP) buru ohia arin zauritu da aire istripuz, Poliziak informatu duenez.
Farage Buckinghameko barrutian da hautagaia, eta "Zure herrialdearen alde bozkatu, UKIPen alde bozkatu" zioen pankarta bat zeraman hegazkin txiki batean zihoan.
Halakoa da hauteskunde sistema britainiarra
Erresuma Batuan ez dago hausnarketa egunik ezta azken unea arte kanpaina eta inkestak egiteko mugarik ere.
Hauteskundeak itzuli bakarrera dira, eta barruti bakoitzean gehiengo sinplea lotzen duen hautagaiak irabazten du. Hori dela eta, orain arte gehiengo osoak izan dira beti Bigarren Mundu Gerratik, laboristak eta kontserbadoreak agintean txandakatuta.
Salbuespen bakarra 1974 eta 1976 urteen artean Harold Wilson laboristak gidatu zuen Gobernua izan da. Konfiantza-mozioa galdu zuen Parlamentuan, eta ondorioz aurreratu egin behar izan zituzten hauteskundeak.
Britainiarrek "hung Parliament" (Parlamentu eskegia) deitzen diote gehiengo osoa ez egoteari, eta seguru aski oraingoan hala gertatuko da. Hori horrela, libera-demokratek izan lezakete giltza hurrengo Gobernua osatzeko.
Hautagai nagusiak
Gordon Brown lehen ministroak bere etorkizun politikoa du jokoan. Bere alderdiak laugarren agintaldi jarraia lortu nahi du, baina lehen aldia da bera hautagai dela. Azken inkestetan gora egin badu ere, hauteskundeetako galtzaile nagusia izan liteke.
David Cameron hautagai kontserbadorea da faborito, eta 30eko hamarkadatik jazotako hauteskunde aldaketa handiena egin lezake, azken hiru agintaldiak laboristak izan baitira.
Kanpainako ezusteko handiena Nick Clegg liberala izan da. Bere eskuan alderdin-bitasuna haustea eta hauteskunde legea erreformatzea dago. Telebistako eztabaidetan sortutako Cleggmania aldi baterakoa izan den edo behin betiko geratzeko etorri den da zalantza.