Mundua -
UHOLDEAK
Ur maila jaisten ari da Sena ibaian, Parisen
Denera, 17 departamendu daude alerta laranjan, oraindik; tartean, Paris. Gaurko ere, ekaitz gogorrak daude iragarrita, baina aurreko egunetakoak baino apalagoak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sena ibaiaren ur maila jaisten ari da Parisen, poliki poliki, atzo 6 metroko altuerara iritsi ondoren, Vigicrues Frantziako Gobernuko larrialdi zerbitzuak jakitera eman duenez.
Austerlitzeko neurketa estazioan, Paris erdigunean, 09:00etan jasotako datuen arabera, Sena ibaiak 5,76 metroko ur maila zuen. Larunbat goizean 6,09 metroko maila harrapatu zuen, 1982tik altuena.
Eure eta Seine-Maritime departamenduetan, Sena ibaiaren bokaletik gertu, alerta maila gorritik laranjara jaitsi dute, gaur goizean, bertako agintariek.
Denera, 17 departamendu daude alerta laranjan, oraindik; tartean, Paris.
Vigicrues estazioaren arabera, gaurko ere ekaitz gogorrak daude iragarrita, baina aurreko egunetakoak baino apalagoak. Adituen arabera, uholde arriskurik ez dago, baina alertari eustea beharrezkoa da, euri-jasa gogorrak espero direlako.
Lau hildako Frantzian
Frantzian eta Alemanian gutxienez 15 pertsona hil dira, gehienak adinekoak, eta bost desagertuta daude, joan den asteazkenaz geroztik bi herrialdeok astintzen ari den denboralearen ondorioz.
Frantzian, gutxienez, 4 hildako eta 24 zauritu utzi dituzte uholdeek, Manuel Valls lehen ministroak jakitera eman duenez.
Lehen ministroaren arabera, 20.000 baino gehiago atera dituzte euren etxeetatik azken egunotan, gehienak -17.500 pertsona- Paris inguruan.