Mundua -
Erreferenduma
Suitzarrak, oinarrizko errenta unibertsala ezartzearen kontra
Herri-mugimendu batek proposatu zuen herritar bakoitzak hilean 2.300 euro inguru jasotzea, baina proposamenari uko egin dio gehiengo handi batek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Suitzarrak oinarrizko errenta unibertsala ezartzearen kontra agertu dira igandean egindako erreferendumean. Herritar bakoitzak hilean 2.300 euro inguru jasotzea proposatu zuen herri-mugimendu batek, herritar guztiek bizitza duina izan zezaten, baina proposamenari uko egin dio gehiengo handi batek.
GFS Suitzako Institutuak zabaldutako lehen emaitzen arabera, erreferendumean parte hartu duten herritarren % 78 proposamenaren aurka agertu dira.
Suitzan bizi diren herritar guztientzako diru-sarrera bermatu nahi zuen ekimenak, bizitza osorako, hilean beste diru-sarrerarik ez dutenenetzat.
Soldaten arteko desberdintasunak areagotu egin dira Suitzan, eta, automatizazioak jota, lanpostu asko desagertu dira. Horri aurre egiteko asmoa zuen proposamen horrek. Ordaindu gabe dauden lanak egiten dituztenak babestea zuen helburu egitasmoak, etxean seme-alabak edo hedadetuak zaintzen geratzen direnak babestea, esaterako.
Bozketaren emaitzaren berri eman ostean, ekimena sustatu duen elkarteak ontzat jo du boto-emaileen % 22ren babesa jaso izana, "oinarrizko errenta unibertsalaren kontzeptua jakinaraztea izan baita garai honetako garaipena".
Alderdi politiko batek ere ez du modu publikoan ekimena babestu; izan ere, urtero diru-kutxa publikoko 22.000 milioi euro beharko lirateke errenta horri aurre egiteko.