Mundua -

Erreferenduma Suitzan

Gutxieneko soldata igotzea baztertu dute suitzarrek

Boto-emaileen % 76 proposamenaren kontra agertu dira. Ekimenaren bultzatzailea, Suitzako Sindikatuen Federazioa, etsita agertu da.

Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Suitzarrek uko egin diote 3.270 euroko gutxieneko soldatari

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Suitzarrek 3.270 euroko (18 euro lanorduko) gutxieneko soldata ezartzeari uko egin diote igande honetan egin den erreferendumean, emaitza ofizialaren arabera.

Boto-emaileen % 76 sindikatuen proposamenaren kontra agertu dira, eta ezezkoak irabazi du Suitzako hogeita sei kantonamenduetatik hemeretzitan.

Suitzan erreferendum eguna izan dute gaur, eta hainbat konturen gainean iritzia eman dute herritarrek.

Proposamenaren bultzatzailea izan den Suitzako Sindikatuen Federazioak etsipena agertu du proiekzioek iragartzen duten emaitzengatik. Izan ere, inkestek aurreikusitakoa baino babes txikiagoa jaso du proposamenak.

Sindikatuek bultzatu dute proposamena, Alderdi Sozialistaren eta Berdeen babesarekin, herrialdean langileek jasotzen duten soldaten artean dagoen alde handiari aurre egiteko.

Patronalaren iritziz, gutxieneko soldata igota, Suitzak lehiakortasuna galduko luke, eta enpresek murriztu egingo lukete langile-kopurua.

Suitza legez gutxieneko soldata ezarri gabe duen Europako herrialdeetako bat da.

Suitzak bertan behera utzi beharko du gerrako 22 hegazkinen erosketa

Suitzak bertan behera utzi beharko du gerrako 22 hegazkin erosteko operazioa; izan ere, suitzarrek erreferendumean ezetz esan diote 2.500 milioi euroko gastua eragingo zuen erosketa horri. Zehatz-mehatz esanda, boto-emaileen % 50,9 agertu dira horren kontra.

Irailean Suitzako Parlamentuak gerrako hegazkinak erostea onartu zuen, baina gero "Armadarik gabeko Suitza baten alde" kolektiboak herri ekimena abian jarri zuen eta, gaurko galdeketako emaitzaren ondotik, Gobernuak atzera egin beharko du.

Beste galdera batzuk

Gaurko erreferenduma suitzarrei beste hainbat gairen gainean galdera egiteko baliatu dute. Hala, lehen mailako arretarako eskubidea Konstituzioan sartu ala ez erabaki dute. Lehen proiekzioen arabera, proposamenak % 87ko babesa jaso du.

Aurreikuspenen arabera, aurrera aterako da pedofiloei haurrekin lan egitea debekatzeko proposamena ere. Aurreikuspenen arabera, boto-emaileen % 63k babestu dute proposamena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Suitza albisteak gaur Lansariak