Mundua -
Hauteskundeak
Kuczynskiren eta Fujimoriren arteko berdinketa Perun
Botoen % 80 zenbatuta, Kuczynskik bozen % 50 lortu ditu eta Fujimorik % 49, hauteskundeetako bigarren itzulian.
Agentziak | Erredakzioa
Pedro Pablo Kuczynski Peruko ministro ohi eta ekonomialariak botoen % 50 lortu ditu Perun. Keiko Fujimorik bozen % 49 eskuratu ditu hauteskundeetako bigarren itzulian. Botoen % 80 zenbatu dituzte oraingoz.
% 100eko emaitzak “ostiralean, larunbatean edo igandean” jakinaraziko dituztela adierazi du Mariano Cucho Hauteskunde Prozesuetako Bulego Nazionalaren (ONPE) buruzagiak.
“Horregatik zuhurtzia eta lasaitasuna eskatu nahi diet herritarrei”, esan du funtzionarioak. Bestalde, Keikoren aldeko edozein iruzur saiakera ukatu du Cuchok. Fernando Olivera hautagai ohiak botoen zenbaketa zaintzeko eskatu zuen.
Tentuz
Bi hautagaien arteko aldea 2 puntu baino gutxiagokoa dela ikusita, garailerik ematea ezinezkoa dela azaldu dute arduradunek. % 100eko zenbaketari itxarotea eskatu du Hauteskunde Prozesuetako Bulego Nazionalak.
Jarraitzaileen aurrean neurrizko adierazpenak egin nahi izan dituzte bi hautagaiek, ONPEko lehen emaitza ofizialen berri zain baino lehen.
41 urteko Fujimorik lehen itzulia irabazi zuen apirilaren 10ean, botoen % 39,85 eskuratuta. Kuczynskik bozen % 21,01 lortu zituen orduan.