Mundua -
Hauteskundeak Erresuma Batuan
Britainia Handiak "aldaketaren" alde bozkatu du, Cameronen esanetan
Gordon Brown lehen ministro britainiarrak Parlamentuko eserlekuari eutsi dio. Nick Cleggen Alderdi Liberal Demokratak izan lezake laboristekin Gobernua osatzeko giltza.
Erredakzioa
David Cameron Erresuma Batuko hauteskundeetarako hautagai kontserbadoreak uste du atzoko bozen behin behineko emaitzek "argi" uzten dutela, 13 urteren ostean, Laborismoak "agintaldia galdu duela", eta herriak "lidergo berria" behar duela adierazi du, horretarako bere burua proposatu aurretik.
Witney barrutiko eserlekuari eutsi dio Cameronek, baina ez du hauteskundeen irabazletzat joko bere burua boto guztiak zenbatzen dituzten arte. Hala ere, hauteskundeek ebazpen argi bat utzi dutela iritzi dio: "Herrialde honek, gure herriak, aldaketa nahi du".
"Datozen orduetan herriarentzat onena dena" egiteko asmoa agertu du, 1974tik lehen aldiz gehiengo absoluturik ez delako egongo eta negoziazio prozesua hasiko dela iragartzeko. Horren harira, Gobernu "egonkorra eta indartsua" bermatzeko, "lehentasuna interes nazionala" izatea jarri du helburu.
Gordon Brown lehen ministroaren Alderdi Laboristak Nick Cleggen Alderdi Liberal Demokratarekin batera Gobernua osa dezakeen aukeraz galdetuta, Cameronek esan du herrialdeak "beste lidergo bat" behar duela.
Brownek, bere aldetik, Kirkcaldy and Cowdenbeath barrutiagatik zuen eserlekuari eutsi dio. Azaldu duenez, bere betebeharra da "Britainia Handiak Gobernu indartsua eta egonkorra izatea, ekonomiaren susperraldia egonkortzen lagunduko duena eta sistema politikoa aldatzeko konpromisoak ezartzeko gai dena".
Nick Clegg Alderdi Liberal Demokrataren hautagaiak onartu du "desengainatuta" sentitzen dela hauteskundeetan lortu duten emaitzagatik, inkestetan bigarren alderdia izanda ere "nahi" zituzten emaitzak lortu ez dituztelako. Hala ere, gehiengo absoluturik izan ez denez, gobernu berria osatzeko giltza dute liberalek, baina gobernua osatzerakoan "presarik ez" izateko eskatu die gainerako alderdiei.