Mundua -
Bisita ofiziala
Espainia Afganistanen egiten ari den lana eskertu du Bidenek
AEBetako presidenteordea Zapaterorekin bilduko da larunbatean Greziako erreskate plana, Afganistango egoera eta aldebiko harremanak aztertzeko.
Erredakzioa
Espainia Afganistanen eta Guantanamoko espetxea ixteko egiten ari den lana eskertu du Joe Biden AEBetako presidenteordeak gaur, izan ere, kartzela horretako zenbait preso hartu ditu Estatuak dagoeneko.
Amerikako Estatu Batuetako presidenteordea Zarzuela Jauregian hartu du Espainiako Erregeak. Biden bi eguneko bisita ofiziala egiten ari da Espainiara bi herrialdeen arteko aldebiko harremanak indartzeko.
Biden Bruselatik heldu da Madrilera eta Miguel Angel Moratinos Atzerri ministroak hartu du Torrejon de Ardozeko base militarrean. Bertatik Zarzuela Jauregira eraman dute.
Agurren ostean, Juan Carlos eta Biden bildu egin dira Erregearen bulegoan, Espainiaren eta AEBen arteko aldebiko harremanak eta nazioarteko gai-zerrendaren afera nagusiak aztertzeko.
Erregea AEBetako presidenteordearekin biltzen den lehen aldia da, baina Obamarekin otsailaren 17an bildu zen, Etxe Zurian.
Bilera Zapaterorekin
Biden Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin gosalduko du larunbatean.
Bileran Greziako erreskate plana, Afganistango egoera, aldebiko harremanak eta Espainiaren EBko presidentetza aztertuko dituzte agintariek.