Mundua -

Urteko egun odoltsuena

Gutxienez 86 pertsona hil dira zenbait atentatutan, Iraken

Gainera, 200 pertsona baino gehiago zauritu dira urteko egunik odoltsuenean. Erasorik larriena Hilako hirian jazo da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bagdaden eta Irakeko beste toki batzuetan egindako zenbait erasok eta atentatuk 86 hildako utzi dituzte gaur. Horrez gain, 200 lagun baino gehiago zauritu dira erasoetan, urteko egunik odoltsuenean.

Herrialdearentzat momentu politiko zailean jazo da atentatu sorta, izan ere, duela bi hilabete baino gehiago egin ziren hauteskundeetako emaitzen zain dira.

Erasorik larriena Hilako hirian gertatu da, Bagdadetik 100 kilometrora. 36 pertsona hil eta 100 baino gehiago zauritu dira aparkaleku batean hiru leherketa izan ostean.

Kontrolei erasoak

Aurretik Armadako eta Poliziako bost kontroli eraso egin diete. Atentatu horietako batzuk, egunsentia baino lehen, isilgailudun pistolekin egin dituzte ezezagunek, Iraken ezohikoa den gertakaria.

Pistolekin egindako eraso horietaz gain, zenbait lehergailuk eztanda egin dute Bagdadeko toki ezberdinetan.

Faluyan, Baquban, Tarmiyahn, Abu Graiben eta Iskandariyan, Bagdadeko iparraldean, mendebaldean eta hegoaldean, Mosulen eta Basoran ere erasoak izan dira.

Al Kaida

Atentatuak ez ditu inork bere gain hartu, baina horietako batzuk Al Kaidaren zigilua daramate. Gainera, Abu Ayub al Masri eta Abu Omar al Bagdadi Al Kaidako buruzagiak Iraken, duela gutxi hil zituztela kontutan hartzekoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea