Mundua -

Erresuma Batua

Gobernua osatzeko akordioa 24 ordutan ixtea espero dute alderdiek

Gordon Brownen dimisioak hurbildu egin ditu laboristak eta libera-demokratak. Nick Cleggek aitortu du negoziazioak amaitzeko zorian daudela, baina oraindik ez du argitu nor babestuko duen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernua osatzeko akordioa gertu egon liteke Erresuma Batuan, eta alderdiek hurrengo 24 ordutan ixtea espero dute.

Atzo, Gordon Brownek iragarri zuen dimisioa aurkeztuko duela laboristen buru gisa, eta ondorioz, bere alderdia eta libera-demokratak hurbildu egin dira.

Bost egun dira hauteskundeak egin zituztenetik, baina britainiarrek oraindik ez dakite nortzuk egongo diren hurrengo Gobernuan. Gainera, laboristek eta libera-demokratek akordioa lortuko balute, lehen ministroa nor izango litzatekeen ere ez dago argi.

Laboristak agintean izango balira, bigarren aldia izango litzateke hauteskundetara aurkeztu ez den hautagai bat bihurtzen dela lehen ministro. Lehen aldia 2007an izan zen, Tony Blairrek Gordon Brown Finantza ministroaren esku utzi zuenean agintea.

Dena dela, zalantza argitu gabe geratuko da oraingoz, laboristek ez baitute Brownen ondorengoa hautatuko Gobernua osatzeko negoziazioak amaitu arte.

Atzo, liberal-demokratak goizaldea arte izan ziren batzartuta, Brownen dimisioak irekitako aukera berriak aztertzen. Haien 57 diputatuek dituzte hurrengo Gobernuaren giltzak, baina Nick Clegg buruak bere parlamentarioen hiru laurdenen babesa behar du edozein akordio onartzeko.

Hauteskunde erreforma da gakoa

Harremanak hiru aldekoak dira, baina hiru hautagaietako bat bakarrik ari da beste biekin hitz egiten. Downing Streeteko 10. zenbakidun etxearen giltzak Cleggek ditu. Hauteskundeetan agindutako betetzeko bermeak nahi ditu eta, ondorioz, beste biek egin behar izan dituzte mugimenduak hauteskunde erreformaren bidez.

Laboristek boto sistema alternatiboa legeztatzea eskaini dute. Lege aldaketa horren arabera, hautagai batek gutxienez botoen % 50a lortu behar du eserlekua eskuratu ahal izateko. Kontserbadoreak alde agertuko lirateke, erreforma hori erreferendum bidez onartzen bada eta kanpaina egitasmoaren kontrako botoa eskatzeko aukera badu.

Kontserbadoreek ez dute hauteskunde sistema aldatu nahi. Horrenbestez, aukera hori aintzat hartu izana, negoziazioak blokeatzeko ekiditeko urrats bezala ulertu da.

Nolanahi ere, laboristak urrunago joateko prest daude eta hirugarren indarraren eskari handienak erreferendumera eramatea onartuko lukete. Liberal-demokratek, besteak beste, ''boto plus'' izenekoa ezartzea proposatzen dute, hau da, praktikan ordezkaritza proportzional integrala izatea.

Clegg: "Negoziazioak azken fasean daude"

Nick Clegg Alderdi Liberal Demokrataren buruzagiak gaur azpimarratu duenez, hiru alderdien arteko elkarrizketak "azken fasean daude". Londresen duen etxetik ateratzean kazetariei egindako adierazpenetan, Cleggek ondokoa erantsi du: "Gure harri-koskorra ekarriko du eta britainiarrek merezi duten Gobernu iraunkorra sortzen ahaleginduko gara".

Cameron: "Erabakiak hartzeko unea da"

Aurretik, David Cameron buruzagi kontserbadoreak ildo berean hitz egin zuen: "Erabaki bat hartzeko unea da".

"Uste dut erabakia hartzeko unea iritsi dela. Liberal-demokratek erabaki bat hartu behar dute eta espero dute erabaki zuzena hartuko dutela, herri honek Gobernu sendoa behar du, iraunkorra, eta Gobernu hori ahalik eta azkarren osatu behar da", nabarmendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea