Mundua -
Errefuxiatuen krisia
Turkiar mugazainek muga zeharkatu nahi zuten zortzi siriar hil dituzte
Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiak zabaldu du berria, eta Turkiako Armadak ezeztatu egin du, baina Siriako oposizioaren arabera, hildakoak hamaika dira, denak familia berekoak.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez zortzi siriar, familia bereko lau emakume eta hiru ume tartean, hil dira Turkiako mugazainek egindako tiroen ondorioz, Turkian sartzen saiatzen ari zirenean, Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiak emandako informazioaren arabera. Siriako oposizioaren esanetan, hildakoak hamaika dira, baina Turkiako Armadak, aldiz, ezeztatu egin du albistea.
Larunbatetik iganderako gauean jazo omen zen gertakaria, errefuxiatuak Jirbet al Juz muga-herritik Turkiara sartzeko ahaleginean ari zirenean.
Behatokiaren arabera, orain arte 60 errefuxiatu siriar hil dituzte mugan tiroka Turkiako indarrek, errefuxiatuak herrialdetik ihes egin nahian ari zirela.
Hamaika hildako, Siriako oposizioaren arabera
Siriako Koalizio Nazionalak baieztatu egin du jazotakoa, Turkiako Gobernuak daturik eman aurretik, baina Siriako oposizioaren arabera, hildakoak hamaika dira, denak familia berekoak.
"Atsekabetuta gaude, Turkiako militar batzuek 11 zibil siriar hil dituztelako, herrialde horretan sartzen saiatzen ari zirela", zabaldu dute ohar baten bidez, eta "gertatutakoa berehala ikertzeko, xehetasunak argitzeko eta arduradunak topatzeko" eskatu diote Turkiako Gobernuari.
Horren arabera, "Turkiako agintariek gogorarazi egin behar diete mugan dituzten tropei ezin dutela indarra erabili errefuxiatuen aurka, ez akats baten ondorioz, ezta nahita ere".
Turkiako Armadak ezeztatu du
Turkiako Armadak, aldiz, ezeztatu egin du albistea: "Salaketa hauek ez dira egia. Bart muga legez kanpo zeharkatzeko ahalegina egon zen, baina ez genuen jendearen aurka tiro egin zuzenean", esan du Armadak agiri batean. "Ohartarazteko tiroak izan ziren, eta, horien ondorioz, zazpi edo zortzi laguneko talde bat basora bueltatu zen, korrika", azaldu du.