Mundua -

Iruzkina

Europako Ongizate Estatuaren gainbehera

Prestazio sozialak handiagoak dira Europan Estatu Batuetan baino eta askoz ere handiagoak Txinakoak baino. Hori guztia, ordea, gero eta gehiago, arriskuan dago hainbat arrazoirengatik.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Une honetan, besteak beste, Europar Batasuna gauza nagusi batek bereizten du bere arerio ekonomiko nagusietatik, AEBetatik eta Txinatik. Ongizate Estatua deitzen dugun horrexek.

Prestazio sozialak handiagoak dira Europan Estatu Batuetan baino eta askoz ere handiagoak Txinakoak baino. Herrialde horietan baino hobeki banaturik dago aberastasuna Europan eta horrek elkartasun sozial handiagoa dakar.

Hori guztia, ordea, gero eta gehiago, arriskuan dago hainbat arrazoirengatik. Horietako bat ekonomiko hutsa da. Europar Batasuna, nahiz atzeralditik ateratzen hasi den, ez da hazten ari enplegua sortzeko adina.Txina % 10 hazten da eta horrek erakusten du Europa zergatik ari den pisu erlatiboa galtzen munduan.

Uste izatekoa denez, pastela hazten ez baldin bada, banatu beharrekoa ere ezin da hazi. Erabaki beharra dago nola egin banaketa. Eta hor sartzen da jokoan bigarren arrazoia, Europan Ongizate Estatua arriskuan jartzen duena. Urtetan nagusi izan den eta gastu soziala lehenesten zuen ideologia sozialdemokrataren aurrean, orain liberala nagusitzen da, gastu sozial hori murriztu nahi duena.

Horrek, gehi krisi ekonomikoak, biek eragin dute guraizeak sartu izana Grezian, Italian, Portugalen, Espainian, Frantzian, Alemanian, Erresuma Batuan... hau da, ia gobernu guztietan. Murrizte horrek ezinbestekoa dirudi, baina ondorioetako bat hazkundea atzeratzea izango da, eta beraz, Europak pisua galtzen jarraituko du Txinaren aurrean eta Estatu Batuen aurrean, hau ere hasi baita berriro hazten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea