Itxi

Mundua

EB-ren sortzaileak

'Brexit'aren negoziazioa 'lehenbailehen' hastea eskatu diote Londresi

Agentziak | Erredakzioa

Europar Batasuneko herrialde fundatzaileek (Alemania, Frantzia, Italia, Luxenburgo, Herbehereak eta Belgika) bilera egin dute Berlinen.

0:42

Europar Batasunetik ateratzeko baldintzak negoziatzen "lehenbailehen" hastea eskatu diote gaur EBko sortzaileek Erresuma Batuari. Gainera, 27 kidez osatuta egongo den eta "malguagoa" izango den Batasun berriko nondik norakoak zehazten hasi dira.

"Prozesu horrek ahalik eta azkarren hasi behar du Europaren etorkizunean zentratu ahal izan gaitezen", adierazi du Frank-Walter Steinmeier Alemaniako Kanpo ministroak, Europar Batasunaren sorkuntzan parte hartu zuten herrialdeetako (Frantzia, Italia, Luxenburgo, Herbehereak eta Belgika) homologoekin izan duen bileraren bukaeran.

Modu horretan, aipatu sei ministroek David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak atzo egindako adierazpenei aurre egin nahi izan diote. Izan ere, hark atzo adierazi zuen urrian kargua utziko zuela, eta bere ondorengoak negoziatu beharko zuela Erresuma Batuaren irteera.

"Nolabaiteko premia"

Jean-Marc Ayrault Frantziako Kanpo arazoetako titularrak, Erresuma Batuan beste lehen ministro bat izendatzeko denbora apur bat beharko dela adierazi ostean, azpimarratu du "nolabaiteko premia" dagoela prozesua martxan jar dadin, eta 'Brexit'ari buruzko erreferendumaren gaineko erantzukizuna bere gain hartu dezala eskatu dio Cameroni.

Bere aburuz, EBko kide baten irteera arautzen duen Lisboako hitzarmeneko 50. artikulua abian jartzean atzerapena egoteak ondorio "ekonomikoak, finantzarioak eta politikoak" ekarriko lituzke. Aipatu artikulua Batasunetik atera nahi duen herrialdeak bakarrik jar dezake abian.

Proiektu komuna birplanteatzeko beharrizanari dagokionez, ados azaldu dira EBk malguagoa izan behar duela esatean, hau da, herrialde guztiak integratuagoak egon behar direla zioten tesi federalistak alde batera utzi eta bakoitzaren araberakoagoa izango den Batasunari ateak irekitzea.

Beste ondorio batzuk

'Brexit'aren beste ondorioetako bat, kasu honetan batasuneko esparruan, Jonathan Hill britainiarraren dimisio ematea izan da. Finantza Zerbitzuen komisarioa zen, eta Europaren aldeko sutsua. Europar Batasunean lan egiten duten britainiarren artean kargurik garrantzitsuena zuena zen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena