Mundua -

Atentatua

22 pertsona atxilotu dituzte Istanbuleko atentatuarekin lotuta

Bestalde, Turkiako agintariek uste dute Ataturkeko aireportuaren kontrako atentatuan esku hartu zuten hiru terroristetako bat atzerritarra izan daitekeela.

Istanbuleko erasoekin zerikusia dutelakoan 13 lagun atxilotu dituzte

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako Poliziak 22 pertsona atxilotu ditu gaur, horien artean hiru atzerritar, joan zen asteartean Istanbuleko Ataturk aireportuaren aurka egin zen eta 42 lagun hil zituen atentatuarekin lotura izan dezaketelakoan.

Estatu Islamikoaren aurkako operazioa egin du Turkiako Poliziak Istanbul eta Izmir hirietan.

Istanbulen 13 pertsona atxilotu dituzte, horietako lau atzerritarrak dira, eta beste bederatzi atxiloketa Izmirren egin dituzte, Hurriyet egunkariak jakitera eman duenez.

Ia 200 poliziek osatu dute dispositiboa. Erakundeetako hainbat agiri, hiru eraso-fusil eta datu digitalak atzeman dituzte.

Agintarien arabera, atxilotuak Estatu Islamikoko kideekin harremanetan izan dira Sirian. Konkretuki, Izmirreko atxilotuak Estatu Islamikoarentzako lanean ari ziren, etekin ekonomikoa eta logistikoa lortzeko.

Hiru terrorista suizida, iturri ofizialen arabera Estatu islamikoa talde jihadistako kideak, bere burua immolatu zuten astearte honetan Atatürk aireportuko nazioarteko hegaldien terminalean, eraso-fusilekin bereizi gabe tiro egiten aritu ostean.

Terroristetako bat atzerritarra izan liteke

Atentatuan esku hartu zuen terroristetako bat gutxienez atzerritarra izan daitekeela eman dio gaur jakitera Reuters agentziari Turkiako segurtasun arduradun batek.

“Atentatuan nahasita atzerritarrak egon daitezkeen aukera aztertzen ari gara. Litekeena da horietako bat atzerritarra izatea, baina ikerketa oraindik martxan dago”, aipatu du iturriak.

Ildo horretatik, Hürriyet egunkariak gaur argitaratu duenez, terroristetako bat dagoeneko identifikatu dute. Txetxeniar jatorriko errusiar bat izango litzateke informazio horien arabera. Turkiara Siriako Ar-Raqqa herritik sartu izango zena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Atentatuak argazkiak Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Turkia berriak