Mundua -
Mediterraneo itsasoan
Ehunka gorpu berreskuratu dituzte 2015ean hondoratu zen ontzi batetik
Itsasontzian 700 lagun inguru zihoazen, baina gertaera jazo zenean, bakarrik 169 gorpu berreskuratzeko aukera izan zuten.
Agentziak | Erredakzioa
Etorkinez beteta zegoen itsasontzia 2015ean hondoratu zen, Mediterraneo itsasoan. Astelehenean, ekainak 27, hondotik ateratzea lortu zuten, eta barruan 250-300 gorpu bitartean egon daitezkeela esan du Italiako kostazainek.
Bizirik irtetea lortu zuten lekuko batzuen arabera, itsasontzian 700 lagun inguru zihoazen, baina gertaera jazo zenean, bakarrik 169 gorpu berreskuratzeko aukera izan zuten. Ondorioz, Italiako Itsas agintariek azaldu dutenez, oraindik ehunka desagertu daude.
Itsasontzia 2015eko apirilaren 18an desagertu zen, Siziliako itsasertzean, baina garabiak erabiliz ur-azaleratzea lortu zuten astelehenean. Izan ere, ontziak urtebete baino gehiago eman du 370 metroko sakoneran.
Gorpuak berreskuratzeko operazioak 9,5 milioi euro inguruko inbertsioa behar izan du, eta Italiako agintariek aipatu dutenez, biktimak identifikatzen dituztenean emango dute bukatutzat.
Bizirik irtetea lortu zuten etorkinen artean, itsasontziko kapitaina eta haren laguntzailea daude. Auzipetuta daude, etorkin-trafikatzaileekin harremana izatea leporatuta.