Mundua -

Irak

Gutxienez 180 hildako Bagdaden, Estatu Islamikoaren atentatu batean

Erasoak, halaber, 150 zauritu baino gehiago utzi ditu. Irakeko hiriburuko auzo komertzial batean egin dute erasoa, bonba-kamioi bat erabiliz; gunea jendez beteta zegoen, leherketa jazo denean.

Jende asko zegoen atentatua jazo den gunean. Argazkia: EFE.
Jende asko zegoen atentatua jazo den gunean. Argazkia: EFE.
Kaosa eta terrorea Bagdadeko atentatuaren osteko lehengo uneetan

1:14

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 180 lagun hil dira eta 150 zauritu baino gehiago Bagdadeko auzo batean izandako bonba-kamioi baten leherketaren ondorioz, iturri medikuek jakitera eman dutenez. Estatu Islamikoak aldarrikatu du atentatua.

Leherketa, hain zuzen ere, Karrada gune komertzialean jazo zen, larunbat honetako gauerdian. Jendez beteta zegoen tokia; herritarrak erosketak ari ziren egiten, Ramadan ospatzen ari zirela.

Une hartan, hozkailu-kamioi batek eztanda egin zuen; lehergailuz eta metrailaz josita zegoen, eta gunean triskantza handia eragin du. Azken orduetan, Bagdaden beste atentatu bat ere jazo da: Al Shaab auzo xiitako merkatu batean ere izan da beste bat, eta gutxienez bi lagun hil dira.

Estatu Islamikoak aldarrikatu du atentatua, Wilayat Bagdadek (Bagdadeko probintzia) sinatutako agiri batean; sare sozialetan zabaldu dute agiria. Helburua, testuaren arabera, xiitak ziren.

Estatu Islamikoak dio "fede-ukatzaileak" zituela helburu

"Kalifa-herriko soldaduek Bagdaden egiten dituzten segurtasun-operazioen testuinguruan, Abu Maha al Iraqui gerrari santuak bere bonba-autoa leherrarazi zuen fede-ukatzaileen kontzentrazio batean", diote agirian.

Estatu Islamikoak ohartarazi duenez, "Jainkoaren baimenarekin, fede-ukatzaileen aurka gure soldaduen erasoekin jarraituko dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak bideoak Estatu Islamikoa Jihadismoa hoy