Mundua -

Errauts-lainoa

Aireportuak itxita, Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Belgikan

Loiuko aireportuan bertan behera geratu dira bi hegaldi, Londresetik iritsi behar zena bata eta Londresera zihoan hegazkin hori bera. Londresek Heathrowko eta Gatwicko aireportuak ireki ditu berriz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herbeheretako, Erresuma Batuko eta Belgikako aireportu garrantzitsuenak itxita daude gaur goizaldetik Islandiko Eyjafjalla sumendiak botatako errauts-lainoaren ondorioz. Holandan eta Belgikan gutxienez 14:00ak arte mantenduko dituzte aireportuak itxita.

Amsterdamgo eta Rotterdamgo aireportuak dira Herbeheretan itxi dituztenak. Herrialdeko aireportu garrantzitsuenak dira horiek eta nazioarteko hegaldi gehienak bertatik pasatzen dira, beraz, Holandako aire garraioa ia gelditu egingo dela espero dute.

Schipoleko aireportua, Herbeheretako hiriburukoa, Europako hirugarrena da merkantzia garraioan eta bosgarrena bidaiarien joan-etorrietan.

Belgikako Ipar Itsasoko aireko espazioa ere, nahiz eta errautsen "kutsadura baxua" izan, itxita egongo da, bertako Mugikortasunaren Estatu idazkaritzak jakinarazi duenez.

14:00etan berriro aztertuko dute egoera Ostendeko (Belgika iparraldea) aireportuari dagokionez, baina euriak errauts-lainoa azkarrago desegitea eragin omen lezake.

Londreseko aireportuak, itxita

Islandiako sumendiak botatako errauts-lainoak Londreseko Heatrow eta London City aireportuak itxi ditu gaur goizaldean. Dagoeneko agintari britainiarrek Heathrowko eta Gatwicko aireportuak ireki dituzte, Islandiako sumendiaren errauts-hodeiaren arriskurik ez dagoela ikusita.

Hala ere, "hegaldirik gabeko zona" bi eremutan ezarrita dago oraindik, eta Ipar Irlandako, Eskoziako iparraldeko eta Shetland uharteetako aireportuetan eragina du.

Izan ere, Abiazio Zibilaren Agintaritzak jakinarazi du Gatwicken ez dituztela hegaldiak hartuko 13:00 arte, eta irteeretan murrizketak izango dira.

Erresuma Batuko Abiazio Zibilaren Agintaritzak azaldu duenez, Eskoziako eta Ipar Irlandako aireportuetan ere hegaldiak geldirik daude.

Eurocontrol, Europar Batasunean hegaldien segurtasuna kontrolatzen duen erakundeak, Heatrowk orduko 30 hegaldi hartuko dituela eta atzerapen handiak izango direla ohartarazi du.

Horiez gain, 13:00 arte gutxienez itxita egongo diren aireportuak Aberdeen, Farnborough, Inverness, Cardiff, Swansea eta Bristol dira.

Aireko garraioaren murrizketak bertan behera geratu dira, hala ere, Manchesterreko, Liverpooleko, East Midlandseko, Birminghameko eta Norwicheko aireportuetan.

Britainia Handiak bertan behera utzitako hegaldien ondorioz, Ryanair-ek Espainiarekin lotutako 47 hegaldi kantzelatu ditu.

Hegaldiak bertan behera, Bilbon

Bilboko aireportuan Londresera zihoan eta Londresetik iritsi behar zen hegaldi bana utzi dituzte bertan behera, AENAko iturriek zabaldu dutenez.

Loiuko aireportura 10:00ak aldera iritsi behar zen hegaldi bat ez da iritsi, eta hegazkin hori bera Londresera itzuli behar zen 10:30etan.

Hegaldiak bertan behera, Estatuan

Erresuma Batuko, Irlandako eta Herbeheretako zenbait aireporturen itxieraren ondorioz, Espainiako Estatuko aireportuetan 140 hegaldi inguru geratu dira bertan behera.

Barajaseko aireportuak Britainia Handiarekin, Irlandarekin eta Holandarekin lotutako 28 hegaldi utzi ditu beran behera. El Altet Alacanteko aireportuak ere, beste 28 hegaldi kantzelatu ditu (Londresekin lotutako 13 irteera eta beste 13 helduera eta Holandarekin lotutako irteera bat eta beste helduera bat). Vakentziako Manises aireportuan lau hegaldi utzi dituzte bertan behera (bi Holandarekin eta beste bi Londresekin lotuta).

AENAk azaldu duenez, Erresuma Baturako 103 hegaldi, Irlandarako 10 eta Herbeheretarako 27 hegaldi ez dira aterako. Dena dela, 14:00etarako egoera normaldu egingo dela uste du erakunde publikoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea