Mundua -
Aire istripua
43 pertsona hil dira hegazkin bat erorita Afganistanen
Kunduzeko aireportuko bozeramaile baten arabera, hegazkinean zortzi bidaiari eta hiru tripulatzaile atzerritar zihoazen, baina ez dute zehaztu nongoak ziren.
Erredakzioa
Berrogeita hiru pertsona hil egin dira gaur, zihoazen hegazkina Afganistango iparraldean erorita, iturri ofizialek baieztatu dutenez.
Hegazkina Pamir Airways konpainiakoa zen, eta Kabul-Kunduz bidea egiten ari zen, Garraio Ministerioko bozeramaile batek EFEri jakinarazi dionez.
Kunduzeko aireportuko bozeramaile batek zehaztu duenez, hegazkinean zortzi bidaiari eta hiru tripulatzaile atzerritar zihoazen, baina iturri ofizialek ezin izan dute baieztatu.
Hegazkina 08:30ean (06:00 Euskadin) abiatu da Kabuletik, eta hiriburutik 36 kilometro iparraldera zegoela desagertu da erradarretatik.
Agiri batean, Afganistango Segurtasunerako Indarrek esan dute NATO laguntza ematen ari dela hegazkina topatzeko.
Kabul eta Afganistango iparraldea lotzen dituzten hegazkinek Hindu Kush mendi-lerroa zeharkatu beharra daukate (istripua 3.900 metroko altueran jazo da).
Pamir Airways konpainiak Afganistan barruko hegaldiak egiten ditu batik bat, baina New Delhirakoak eta Dubairakoak ere ditu.