Mundua -

Estatu Batuak

Dallaseko tiroketaren susmagarriak polizia zuriak hil nahi zituen

25 urteko gaztea da, Estatu Batuetako Indar Armatuetako erreserbista. Manifestazioaren antolatzaileek erasoa salatu dute, eta, bitartean, lasaitasuna eskatu du asteon hildako baten familiak.

Bost agente hil dira Dallasen, tiroketaren ondorioz. Argazkia: EFE.
Bost agente hil dira Dallasen, tiroketaren ondorioz. Argazkia: EFE.
Bost agente hil dira Dallasen, tiroketaren ondorioz. Argazkia: EFE.

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dallaseko tiroketan murgilduta egonda lubakian babestu zen gizonak negoziatzaileei jakinarazi zienez, haserre zegoen Poliziak azken egunotan hainbat lagun afroamerikar hil egin dituelako. Halaber, onartu ere onartu zuen bere helburua zela "jendea hil egitea, batez ere polizia zuriak".

Hala azaldu du, prentsaurrekoan, tokiko Poliziaren nagusi David Brownek; tiroketa, esan duenez, frankotiratzaileren batek egin du, eta bost polizia-agente hil dira, horren ondorioz. Gainera, bederatzi zauritu daude, horietako zazpi ere agenteak.

Susmagarria Micah Johnson da, 25 urtekoa bera, eta lubakian babestu zen hainbat orduan formakuntza profesionaleko zentro batean, non azkenean hil zen. Brownek baieztatu du susmagarria hil zela segurtasun-indarrek bidalitako lehergailu batek eztanda egin ostean.

Hil aurretik, dena den, agintariak saiatu ziren berarekin negoziatzen, eta, hala, jakin ahal izan zuten xehetasun batzuk erasoaren arrazoien gainean. Ustezko tiratzaileak aitortu zuen "haserre" zegoela "zuriekin", eta "jendea hil nahi zuela, batez ere polizia zuriak".

Bonbak egiteko eta armak aurkitu dituzte susmagarriaren etxean

Poliziak bonbak egiteko eta armak aurkitu ditu susmagarriaren etxea arakatu dutenean. "Detektibeek bonbak egiteko materiala, balen aurkako txalekoak, fusilak, munizioa eta borroka-tekniken gaineko eskuliburu pertsonala ere topatu dituzte", jakitera eman dute segurtasun-indarrek agiri baten bidez.

Reuters albiste-agentziak, aldiz, zabaldu du Johnsonek larunbatean idatzi zuela Mississippiko Pantera Beltzen Facebookeko orrian; han, komunitate afroamerikarraren aurkako polizien basakeria salatu zuen.

"Zergatik hainbeste zurik, ez guztiek, gozatzen dute gizaki errugabeen heriotzan parte hartzen?", idatzi zuen; halaber, bideo bat partekatu zuen, non alderatzen diren baleen ehiza eta afroamerrikarrek Estatu Batuetan izaten duten tratua.

Aipatu sare sozialean, Johnsonek nazionalista beltza zela esaten zuen, eta botere beltzaren gaineko hainbat irudi zituen publikatuta, bai eta arraza-askapenaren ikurra den bandera beltz, gorri eta berdea.

Mobilizaziotik at kokatu du bere burua

Agenteekin izandako elkarrizketan, Johnsonek aipamena egin zion herritar beltzen azken heriotzei, eta erasoa egin duen mobilizaziotik at kokatu zuen bere burua. Hain zuzen, manifestazioa azken gertakarien aurka protestatzeko deitu zuten.

Brownek azaldu duenez, susmagarriak esan du "bakarrik" zegoela erasoan, eta ez zela talde bateko kidea. Iturri ofizialek Reutersi esan diotenez, ez dago zantzurik pentsatzeko nazioarteko erakunde bat dagoenik tartean.

Agintariek hiru lagun dituzte atxilotuta, tiroketan parte hartu dutelakoan, baina Brownek eta Mike Rawlings Dallaseko alkateak ez dute beste xehetasunik eman; izan ere, oraindik datu gehiagoren berri izateko zain daude.

Manifestazioa deitu dutenek erasoa salatu dute

Black Lives Matterrek, Dallasko manifestazioa deitu zuen arrazismoaren aurkako erakundeak, erasoa salatu du.

"Black Lives Matterrek duintasunaren, justiziaren eta askatasunaren alde egin nahi du, ez hilketaren alde", idatzi du erakundeak Twitterren, kontu ofizialean.

Asteon hildako baten familiak lasaitasuna eskatu du, erasoaren ostean

Alton Sterlingen familiak, hau da, asteon hil duten herritar beltz baten familiak, lasaitasuna eskatu du, Dallaseko sarraskia jazo eta gero.

"Konfiantza publikoa bortxatzen duten agenteak ez dira Poliziaren ordezkariak", dio Sterlingen familiak, agiri batean. Bi polizia zurik tirokatu zuten asteartean, Baton Rouge hirian, Louisianan.

"Biolentziari biolentzia gehiagorekin erantzutea ez da irtenbidea", dio agiriak; izan ere, Sterlingen heriotzagatik, batez ere, zegoen deituta Dallaseko manifestazioa.

Familiaren iritziz, indar polizialek "lan oso zaila dute", eta "gehienek gure komunitateei mesedea egiten diete, lan duina egiten dute gu babesteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Barack Obama albisteak Gaurko azken orduko albistea