Mundua -

Bisita ofiziala

Obamak Espainian eratzen den 'edozein Gobernurekin' egingo du lan

Hala adierazi du Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentearekin bildu ostean.

Espainiako Gobernua egonkorra izan behar dela esan dio Obamak Rajoyri

1:12

Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barack Obama AEBko presidenteak ziur agertu da gaur bere herrialdeak Espainian era daitekeen "edozein Gobernurekin" lan egin ahal izango duela, eta, ez du iritzirik eman nahi izan ekainaren 26an egindako hauteskundeen osteko negoziazioei buruz.

"Nahiz eta asko inporta zaigun Espainian Gobernu egonkorra egon dadila eta ondo funtziona dezala, harremanaren izaera, AEBren eta Espainiaren arteko lotura ez da egongo boterean dagoen alderdiaren mende", baieztatu du Obamak Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentearekin bildu ostean hedabideei egin dien adierazpenetan.

"Erabat ziur nago, edozein delarik ere sortzen den Gobernua, eurekin batera lan egin ahal izango dugula", adierazi du.

Obamak ez du esan nahi izan ea arduratuta dagoen Espainiako Gobernu eraketan dagoen atzerapenagatik, baina zorte ona opatu dio Mariano Rajoy "lehen ministroari".

Bere aldetik, Rajoyk Obamari jakinarazi dio Gobernua eratzeko bidean "beharrezkoak diren ahalegin oro" egiteko prest dagoela, beste hauteskunde batzuk egotea "txantxa astuna izango bailitzateke".

"Gobernua eratzeko beharrezkoak diren ahalegin guztiak egingo ditudala esan diot", azaldu du Rajoyk biek batera egin duten agerraldian, Moncloa jauregian ordu erdiz elkarrizketatu ondotik.

Rajoy Obama EFE

Mariano Rajoy eta Barack Obama, bilerara sartu aurretik. EFE

Felipe VI.arekin batzarra

Rajoyrekin bildu aurretik, Obama presidentea Felipe VI.a Espainiako erregearekin elkartu da Errege Jauregian, eta, bertan azpimarratu duenez, AEBren eta Espainiaren artean "harreman sakona eta estua" dago.

Egin duen mintzaldi laburrean Obamak azaldu duenaren arabera, bera Madrilen egotearen xedea da Ameriketako Estatu Batuak eta Espainia lotzen dituen "aliantza handia" irudikatzea. Berea aburuz, askatasuna, Zuzenbide Estatua eta pertsona ororen duintasunarekiko errespetua bezalako "balioak eta idealak" partekatzen dituzten bi herrialde aliatu dira, eta horrek elkarrekin lankidetzan aritzea ahalbidetzen du aldebiko eran zein alde askotako foroetan.

BARACK OBAMA ERREGEAREKIN MADRILEN FELIPE VI EFE

Barack Obama eta Felipe VI.a erregea. EFE

Oposizioko buruzagiekin bilera

Felipe VI.arekin eta Mariano Rajoyrekin bildu eta gero, Barack Obamak aldebiko topaketa laburrak egin ditu PSOE, Podemos eta Ciudadanoseko buruekin, hau da, Pedro Sanchez, Pablo Iglesias eta Albert Rivera, hurrenez hurren.

Hasiera batean, 10 minutuko bakarka bilerak izan behar zituen politikari bakoitzarekin, baina azkenean asmo hori asko murriztu da. Hirurak batera egon dira Obamaren zain ordu betez baino gehiagoz berarekin elkartzeko. Hirurek batera elkarrekin argazki bat atera dute Obamarekin.

Topaketa horiek bukatuta, Rotako itsas-basera (Cadiz) egin du espero zena baino ordu bat beranduago. Bertan, hitzaldi bat eman du AEBko eta Espainiako tropen aurrean. Ondoren, Washingtonera egin du Rotatik bertatik.

BARACK OBAMAREN BISITA OFIZIALA ESPAINIAN EFE

Obama Rotara hegazkinez bidaiatu aurretik. EFE

AEBko presidenteak, azkenerako, 24 ordu baino gutxiago eman ditu Espainian. Atzo gauean lur hartu zuen Madrilen, eta hitzordu ugari izan ditu; izan ere, ahalik eta ekimen gehien gauzatu nahi izan ditu Dallasko gertakarien poderioz egun batez laburtu behar izan duen bisitaldian. Obamarena AEBko presidente batek 15 urteren buruan Espainiara egindako lehen bisitaldi ofiziala izan da.

Protestak bisita dela-eta

Ehunka pertsona bildu dira gaur AEBk Madrilen duen enbaxadaren aurrean Obamaren bisitaldiaren aurrean euren sumina adierazteko asmoz. Haien iritziz, AEBko presidentearen "irribarrearen eta hitz gozoen atzean" zigortutako herrialdeen "izu- eta odol-oihuak" ezkutatzen baitira.

Aldi berean, Greenpeace talde ekologistako sei eskalatzailek Madrileko Kale nagusiko Metropolis eraikinean Barack Obamari zuzendutako pankarta erraldoi bat jarri dute. Bertan, "Yes we can stop TTIP" ("Bai, TTIP gera dezakegu") irakur zitekeen, hau da, Europaren eta AEBren arteko Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa.

Greenpeace Obama EFE

Greenpeace talde ekologistaren ekimena. EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Mariano Rajoy Espainiako Felipe VI.a bideoak Barack Obama albisteak Espainia albisteak Pablo Iglesias Pedro Sánchez albisteak Gaurko azken ordukoa Albert Rivera albisteak Madril