Mundua -

Apulia

Bi geltokitako buruak ikertzen ari dira Italian tren-istripua dela eta

Azkenean, 23 dira Italiako hegoaldean gertatutako tren istripuan hildakoak. Zantzuen arabera, giza akats batek eragin zuen ezbeharra, baina litekeena da arazo teknikoak ere egon izana.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako agintariek Corato eta Andria tren geltokietako arduradunen inguruko ikerketa abiarazi dute, 23 lagunen heriotza eragin zuen bi trenen arteko istripuan erantzukizunik izan ote zuten argitzeko.

Francesco Giannella Trani hiriko fiskalak gaur, osteguna, azaldu duenez, "giza akatsez hitz egitea zuzena da, baina ez nahikoa", istripuaren eragileez hitz egiterakoan, oraindik, gainera, ez baitago hipotesi argirik.

Bidaiariak zeramatzaten bi trenek aurrez egin zuten talka, seinaleztapen-aurrerabide egokirik gabeko trenbide berean zihoazela, hortaz, geltokietako arduradunak izan ohi dira trenen zirkulazioa kontrolatu behar dutenak.

Polizia eta epaitegietako agintariak, orain, gertatutakoa ulertzen saiatzen ari dira. Hala, azken bi egunotan miaketak, dokumentazio bilketa eta informatika datuen analisiak egin dituzte.

Reuters albiste agentziak aipatutako iturri batek baieztatu egin du hainbat pertsonaren gaineko ikerketa hasita dagoela, baina argi utzi nahi izan du horrek ez duela esan nahi inputatuak daudenik. Mahaigainean, tren istripua eta arduragabekeriazko gizahilketa delituak.

Vito Piccarreta Andriako geltokiko buruak onartu egin du, La Stampa egunkarian egindako adierazpenetan, trenetako bat pasatzen utzi zuela, baina ukatu egin du erantzule bakarra izan denik.

"Nik ahalbidetu nuen tren horren irteera, nik altxatu nuen paleta. Nahasmen handia zegoen, trenak atzerapenarekin zihoazen", esan du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Italiako albisteak