Mundua -
Bisita ofiziala
Arizonako immigrazio legea kritikatu dute Obamak eta Calderonek
Immigrazio arloan lankidetza areagotzeko konpromisoa hartu dute bi agintariek.
Erredakzioa
Barack Obama Amerikako Estatu Batuetako presidentea eta Felipe Calderon Mexikoko presidentea bildu dira gaur, eta immigrazioa batzarreko gai nagusia izan da. Bi agintariek Arizonako legearen kontra egin eta "gaizki bideratuta" dagoela adierazi dute.
Immigrazio arloan lankidetza areagotzeko konpromisoa hartu dute bi agintariek. Arazo sozial eta ekonomikoa dela esan dute eta AEBetan erreforma beharrezkoa dela erantsi du Obamak, izan ere, "egin daiteke eta egin behar da".
Calderonek Washingtonera egiten duen lehen bisita ofiziala da (legealdiko aurrenekoa). Obama eta Mexikoko presidentea Etxe Zurian bildu dira, lehenengo bi agintariak bakarrik izan dira, eta gero aholkulariekin batera batzartu dira.
Immigrazioaz, droga-trafikoaren kontrako borrokaz edo merkataritza harremanetaz mintzatu dira bi agintariak.
Muga
Mugarekin erlazionatutako gaiak nagusi izan dira elkarrizketan eta Mexikoko presidenteak Arizonako lege kritikatzeko aprobetxatu du, izan ere, legez kanpoko immigrazioa delitua bihurtzen du.
Bestalde, Arizonako legean "gure immigrazio sistemaren porrotaren frustrazioa gaizki bideratuta dago", AEBetako presidentearen ustez. Hala ere, inkesten arabera, estatubatuar gehienek lege hori babesten dute.