Mundua -
Atzerri ministroen bilera
EBk Erresuma Batuari: irteera aktibatu arte ez da negoziaziorik egongo
Gainera, Europar Batasuneko gobernuek bizkortasuna eskatu diote Erresuma Batuari 'Brexit'-a gauzatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Europar Batasuneko (EB) gobernuek argi eta garbi esan diote Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministroari ez dela EBren eta Erresuma Batuaren etorkizuneko harremanen inguruko negoziaziorik izango, harik eta Theresa Mayren gobernuak Lisboako ituneko 50. artikulua aktibatu eta Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzeko prozesua ('Brexit') hasten duen arte. Gainera, Europar Batasuneko gobernuek bizkortasuna eskatu diote Erresuma Batuari 'Brexit'-a gauzatzeko.
Jean-Marc Ayrault Frantziako Atzerri ministroak Europa ziurgabetasun une batean murgiltzea saihestearen beharra azpimarratu du. "Negoziazioak zenbat eta lehenago hasi, hobe", adierazi du EBko Atzerri ministroek gaur egingo duten bilerara sartu aurretik.
Didier Reynders Belgikako Atzerri ministroa itxaropentsu agertu da eta Erresuma Batuak 50. artikulua aktibatzeko dituen asmoen gainean Boris Johnsonek argibideak emango dizkiela uste du.
"Ez da negoziaziorik izango 50. artikuluaren jakinarazpena izan arte", azpimarratu du Federica Mogherini EBko diplomazia buruak. Aldi berean, adierazi du Erresuma Batua Europar Batasuneko kide izango dela negoziazioak amaitu arte.
Bestalde, Bert Koenders Herbehereetako Atzerri ministroak esan du 28 herrialdeek ez dutela 'Brexitaren' inguruan eztabaidatuko gaurko bileran eta gaineratu du Erresuma Batuari dagokiola EBtik ateratzeko prozesua "aktibatzea".