Mundua -
Isuria
Marea beltza Mississippi ibaiaren deltako paduretara heldu da
Plataformak apirilaren 20an su hartu zuen eta bi egun geroago hondoratu zen. Isuria Floridako irla zingiratsuetara hamar egun barru hel daiteke, agintarien arabera.
Erredakzioa
Duela hilabete bat petrolio-plataforma baten leherketak marea beltza eragin zuen Mexikoko Golkoan, eta orain Mississippi ibaiaren deltako paduretara heldu da, Louisianako agintariek gaur azaldu dutenez.
"Ez dira mundrun zatiak, ez da geruza oliotsu bat, petrolio astuna da gure zingiretan sartzen ari dena", esan du Bobby Jindal estatuko gobernadoreak. Helikopteroan eta itsasontzian isuria AEBetako hegoaldeko kostaldera heldu dela egiaztatu du Jindalek. "Beldurra genuen eta eguna heldu da", ohartarazi du.
Isuriaren zati txiki bat korronte kiribil batean dabil eta zingiretan sartu da, Floridako kostaldera eta Atlantikoko kostaldera heldu baino lehen, Ozeano eta Atmosferen Administrazio Nazionalak (NOAA) ohartarazi duenez. Horrek hondamendi natural izugarria eragin lezake, eta estatuko irla zingiratsuak eta hondartzak kaltetu.
Isuria Floridako irla zingiratsuetara hamar egun barru hel daiteke, agintarien arabera. Plataformak apirilaren 20an su hartu zuen eta bi egun geroago hondoratu zen.
Greenpeace
Bestalde, marea beltzari aurre egiteko erabiltzen ari diren sakabanatzaile kimikoek dagoeneko hondamendi naturala eragin dutela salatu du Greenpeace erakunde ekologistak. Deepwater Horizon petrolio-plataformak duela hilabete bat eztanda egin zuen.
Zientzialarien iragarpen ezkorrenen arabera, isuriak 10.000 tona petrolio bota ditzake ingurugirora egunero.