Mundua -
Estatu-kolpea
Hezkuntza Ministerioko 15.200 funtzionario kargutik kendu ditu Turkiak
Horrez gain, 24 irrati eta telebistari emisiorako lizentziak kendu dizkiete, estatu-kolpe saiakerarekin lotura dutela iritzita.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Turkiako Kontseilu Gorenak dimisioa emateko eskatu die gaur unibertsitateetako 1.577 dekanori, CNNTurk telebistak zabal duenez.
Gainera, Hezkuntza Ministerioak 15.200 funtzionario kargutik kendu ditu, gehienak lehen eta bigarren hezkuntzako irakasleak dira.
Dekanoen kasuan, 1.176 unibertsitate publikokoak dira eta 401 unibertsitate pribatuetakoak. Dagoeneko hogei batek dimisioa aurkeztu dute.
Atzo, Barne Ministerioko 8.700 funtzionario kargutik kendu zituzten, baita beste ministerio batzuetako 2.500 langile ere, Fethullah Gulen klerikoaren sarearekin lotura dutelakoan. Turkiako Gobernuak Guleni leporatzen dio estatu-kolpea antolatu izana.
Guztira, 27.000 funtzionario baino gehiago kendu dituzte euren lanpostuetatik eta 7.500 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte, tartean poliziak, militarrak eta epaileak, estatu-kolpe saiakerarekin zerikusia izan dezaketelakoan.
Komunikabideen itxiera
Bestalde, Turkiako Irrati Telebistaren Kontseilu Gorenak Fethullah Gulen klerikoari lotutako telebistak eta irratiak ixteko agindua eman du.
Gaur egindako ezohiko bilera batean, aho batez erabaki dute 24 irrati eta telebistari emititzeko lizentziak kentzea.