Mundua -

Kolpe saiakera

Nor dago Turkiako estatu kolpearen atzean?

Erdogan presidenteak Gulen klerikoa jo du matxinadaren arduradun, baina honek erantzun du Erdogan bera egon daitekeela boterea indarrez hartzeko saiakeraren atzean.

Zeintzuk dira Turkiako estatu kolpearen arrazoiak?

1:43

EITB.EUS | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Recep Tayyip Erdoganen boterea kinka larrian jarri du ostiral gauean Turkian izandako estatu kolpe saiakerak, baina arerioen urratsei aurrea hartzeko abilezia erakutsi du beste behin ere presidente turkiarrak eta indartuta atera da matxinadatik.

Hamarkada bateko agintaldiaren ondoren, Turkiara demokrazia eramango zuen agintaria izango zela itxarotetik botere pilaketaren eta autoritarismoaren bultzatzaile izatera igaro da Erdogan.

Turkiak azken urteetan bizi izan dituen gobernuaren aurkako protestei, botere gehiegikeriari eta ustelkeria eskandaluei politikoki aurre egin die eta horietatik indartuta atera da, gainera. Erdoganen eta haren inguruaren konpromiso asko, halere, ezerezean gelditu dira eta APKren botere pilaketak ahots kritikoen aurkako errepresioa gogortzea eragin du.

Poliziaren, Indar Armatuen eta Justiziaren barruan garbiketa egin du Erdoganek, haren ustez, AEBn bizi den Gulan klerikoak bultzatzen duen ‘estatu egitura paraleloa’ri aurre egiteko. 2001n, 200 militarretik gora atxilotu zituzten gobernuaren aurka konplota egitea egotzita. ‘Estatu paraleloa’n Gulen klerikoaren inguruko funtzionario, politiko eta militarrak daude, presidente turkiarraren ustetan. Oraindik ez dago argi zein dagoen boterea indarrez hartzeko saialdiaren atzean.

Erdoganek eta bere lehen ministroak ez dute zalantzarik: ostiral gauean Turkian izandako kolpe saiakeraren atzean Estatu Batuetatik aginduak ematen dituen Gulen klerikoa dago. Horregatik, Gulen ez babesteko eskatu dio Erdoganek Estatu Batuari. Berehalakoa izan da John Kerry Estatu idazkariaren erantzuna: estradizio eskaera egin dezala eta Estatu Batuak aztertu egingo duela esan du. Klerikoak kolpean parte hartu duela erakusten duten frogak aurkezteko ere eskatu dio Erdogani. Marmaris Egeo itsasoko oporlekuan zegoela harrapatu zuen kolpeak.

Istanbulen bueltan, iragarri zuen kolpistek ‘garesti’ ordainduko zutela, eta biharamunean bertan hasi dira lehen purgak. Estatu kolpearen burua nor den argi ez badago ere, Erdoganek etekina atera dio egoerari: Armada eta Justizia bere nahien arabera garbitzen jarraitzen ditu. Izan ere, aurkako ahotsak garbitzeko aitzakia eskura du orain. Orain arte, 2.800 militar atxilotu ditu eta 2.700 epaile kargugabetu ditu, kolpean parte hartzea leporatuta.

Autokolpearen teoria

Gulen klerikoak, berriz, Erdogani bota dio erantzukizuna, eta haratago joan da kolpea presidente turkiarrak berak antolatu duela esanez. Saylorsburgen ( Pensilvania) duen etxebizitzatik egin duen agerraldian esan duenez, Turkia indarrez hartzea ez da aldaketarako bidea.

“Kolpea antzeztua izan dela pentsatzeko aukera dago”, adierazi du, eta ezein lotura ukatu du predikatzaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Turkia berriak