Mundua -
Lege-proiektua
Finantza-erreformak aurrerapausoa eman du AEBetako Senatuan
"Neurriak ez du banketxeak zigortzea bilatzen, pertsonak babestea baizik", Obamaren hitzetan.
Erredakzioa
Aurrerapauso garrantzitsua eman du gaur AEBetako finantza-erreformak Senatuan. Eztabaidaren denbora mugatzeko beharrezko babesa lortu dute demokratek, eta testua bozkatzeko aurrerapausoa eman dute.
Aldeko 60 boto lortu dituzte, eta kontra 40 izan dira. Demokratek gutxienez 60 boto behar zituzten eta lortu dituzte, ondorioz, finantza-erreformaren lege-proiektu luzea 30 orduko eztabaidara mugatzea lortu dute. Horrela bozketaren azken fasean sartzen da.
Asteazkenean kale egin ostean, demokratek zenbait errepublikano konbentzitzea lortu dute gaur, erreformaren aldeko botoa eman zezaten. Senatuan ez dute beharrezko gehiengorik demokratek, Ganberako bi herenak, alegia.
Barack Obama presidentearen administrazioak proposatutako ia neurri guztiak biltzen ditu lege-proiektuak, eta AEBetako finantza-arauen erreforma sakona suposatzen du. 2008ko finantza-krisi larria eragin zuten gabeziak ezabatu nahi dituzte erreformarekin.
Senatuak lege-proiektua onartzen baldin badu, testua Ordezkarien Ganberak abenduan berretsitako bertsioarekin bateratu beharko dute.
Obama
Barack Obama AEBetako presidentea pozik agertu da lege-proiektuak emandako aurrerapausoarekin eta "neurriak banketxeak zigortzea bilatzen ez" duela ziurtatu du. Erreformak "pertsonak babestu nahi ditu", agintariaren ahotan. Kontsumitzaileak "babesteko neurririk eraginkorrenak" ditu erreformak, buruzagiaren ustez.