Mundua -
Gatazka
Seulek protesta egingo du NBEn Ipar Korearen aurka
Martxoan Hego Koreako gerraontzi bat hondoratu zen eta 46 pertsona hil ziren. Joan den astean, nazioarteko ikertzaile talde batek ondorioztatu zuen Ipar Koreak eraso egin ziola.
Erredakzioa
Lee Myung-bak Hego Koreako presidenteak bertan behera utzi du gaur Ipar Korearekin zuen merkataritza harremana eta, halaber, barkamena eskatzeko exijitu dio, martxoan hegokorear gerraontzi bati eraso egin eta 46 marinel hiltzeagatik.
Telebistaz eskainitako hitzaldi batean, Leek baieztatu du Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilura eramango duela auzia, Piongiagi zigorrak ezar diezazkioten. Halaber, Ipar Koreak beste "probokazio" bat egingo balu, "babes neurriak" hartuko lituzkela ohartarazi du.
Martxoan, Cheonan gerraontzi hegokorearra hondoratu egin zen, eta ostegunean, nazioarteko ikertzaile talde batek ondorioztatu zuen Ipar Koreak eraso egin ziola, torpedoak jaurtiz. Ontzian zihoazen 104 pertsonetako 46 hil ziren.
Hego Koreako presidentea telebistan agertu eta ordu batzuetara, Piongiangek ohartarazi du eraso egingo diola hegoaldeko herrialdeari mugan Ipar Korearen aurkako mezuak zabaltzen baditu, KCNA agentzia publikoak informatu duenez.
Hori horrela, Ipar Koreako Gobernuak aldarrikatu du arma nuklearrak izateko eskubidea duela.