Mundua -
Elizako erasoa
Abdelmalik P., Normandiako bigarren terrorista
Susmagarria Adel Kermicherekin batera agertzen da Amaq albiste-agentziak argitaratutako bideo batean, Estatu Islamikoari leialtasuna zin egiten. 19 urteko terrorista Savoiakoa zen.
Agentziak | Erredakzioa
Normandiako eliza batean abade bat hil zuten asteartean. Dirudienez, erasoko bigarren terrorista identifikatu dute. 19 urteko gazte bat da eta erradikalizazio islamistagatik fitxaturik zegoen, Frantziako prentsak gaur jakitera eman duenez.
Susmagarria Adel Kermicherekin batera agertzen da Amaq albiste-agentziak argitaratutako bideo batean, Estatu Islamikoari leialtasuna zin egiten. Abdelmalik P. 19 urteko terrorista Savoiakoa zen.
BFM TVren arabera, ‘S fitxa’ zuen, hau da, erradikalizazioagatik bilatzen ari ziren ekainaren 29tik, baina ez zuten haren argazkirik. Duela bi aste Turkiatik pasa zela jakitera eman du Le Parisien egunkariak.
RTL irratiak jakinarazi duenez, Frantziako Inteligentzia zerbitzuak susmagarriaren bila ari ziren uztailaren 22az geroztik, beste herrialde bateko zerbitzu sekretuen informazioa jaso ondoren. “Atentatu batean parte hartzeko prest” zegoen gizon baten berri eman zieten.
Argazki bat, arrasto bakarra
Informazio horren arabera, “Frantzian zegoen jadanik eta bakarrik edo beste pertsona batzuekin eraso egin zezakeen”, baina nortasunaren arrasto bakarra argazki bat zen. Terrorismoaren Aurkako Koordinazio Unitateak (UCLAT) irudia polizia ezberdinei bidali zien.
RTLk azaldu duenez, Polizia eta Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusia (DGSI) ustezko terrorista erlojuaren aurka bilatzen hasi ziren, baina miaketek ez zuten emaitzarik eman.
Baieztapenik ez
BFM TVren arabera, Abdelmalik P.ren nortasuna ez dute oraindik ofizialki baieztatu eta DNA amaren laginekin alderatuko dute. Semea hilketaren atzean dagoenik ez du uste emakumeak. Antza denez, astelehenean etxetik atera zen, Nancyko lehengusu batzuei bisita egitera zihoala esanez. Orduz geroztik familiak ez daki ezer.
Le Parisien-ek jakitera eman duenez, Abdelmalik P.ren hiru senitarteko atxilotu zituzten atzo. Gainera, Polizia susmagarriaren etxebizitzan atzemandako material informatikoa aztertzen ari da.