Mundua -
Tentsioak gora egin du
Hego Korearekin harremanak hautsiko dituela esan du Ipar Koreak
Joan den martxoaren 26an Hego Koreako itsas armadako ontzi bat hondoratzea leporatzen dio Ipar Koreari ikerketa batek. Horrek bi estatuen arteko tentsioak areagotu ditu.
Erredakzioa
Hego Korearekin harreman guztiak hautsiko dituela esan du gaur Ipar Koreak, Yonhap Hego Koreako agentziak jakinarazi duenez.
Era berean, Lee Myung-bak Hego Koreako presidentea boterean dagoen bitartean elkarrizketei berriro ekingo ez diotela adierazi du Erregimen komunistak, Koreako Bateratze Baketsurako batzordeak komunikatu batean adierazi duenez.
Hori horrela, Ipar Koreako Piongiangeko erregimen komunistak Hego Korearen kontrako mehatxuak areagotu ditu eta Ejertzitoa alerta egoeran jarri du bi estatuen arteko tentsioak gora egin ostean.
Botere nuklearra duen erregimen isolatu batek eta AEBetako aliatu nabarmen batek osatzen dute Korea; azken istilu larria joan den martxoaren 26an gertatu zen Ipar Koreak itsas armadako Cheonan ontzia hondoratu izanaren erantzule jotzen baitu Hego Koreak; bertan 46 lagun hil ziren. Hego Koreak zigor neurriak ebatzi zituen atzo Ipar Korearen kontra istilu horrengatik.
Ipar Koreako KCNA agentzia ofizialak komunikatu batean jakinarazi duenez, Hego Koreako "dozena bat gerra ontzi" sartu ziren maiatzaren 14tik 24ra Ipar Koreako itsasoan.
Ez da lehen aldia, Ipar Koreako erregimenak Seúl salatzen duela. Oraingoan ere, bere lurraldeko uretan sartzeagatik izan da, Seulek ez baitu Koreako Gerraren ostean finkatutako Iparraldeko itsasoko muga onartzen.
Seulek urpeontzien aurkako ariketa militarrak iragarri zituen ostegunerako eta Pyongyangen mehatxua jarraian etorri da. Gerrako hamar ontzi, tartean 3.500 tonako bat, parte hartuko dute mendebaldeko kostan egingo dituzten ariketetan.
Martxoaren 26an, Ipar Koreako torpedo batek "Cheonan" korbeta urperatu eta 46 pertsona hil zituztenetik, Hego Koreak egiten duen lehen indar adierazpena da hori. ikerketaren ondorio horiek ukatzen ditu Pyongyanek.