Mundua -

Iruzkina

Italian ere murrizketak egingo dituzte

Mundu guztiak daki Italiako ekonomia aspaldidanik dagoela gaixo, eta miraria dela funtzionatzea.

Jesus Torquemada

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berlusconik zioen ez zela krisirik Italian. Lehen ministroak dena arrosa kolorekoa erakusten zuen, eta herrialdeko telebista gehienek, berak kontrolatzen dituenak, irudi hori zabaltzen zuten.

Mundu guztiak daki Italiako ekonomia aspaldidanik dagoela gaixo, eta miraria dela funtzionatzea. Izan ere, zor publikoa Europako handienetakoa da, Barne Produktu Gordina bera baino handiagoa; ekonomia beltza, zergarik ordaintzen ez duena, oso handia da; mafiak ere desitxuratu egiten du errealitate ekonomikoa; iparraren eta hegoaren arteko aldeak ikaragarriak dira.

Giulio Tremonti Ekonomia ministroa zen zerbait egin behar zela zioen bakarra, baina inork ez zion jaramonik egiten. Eta horrela izan da aipatzen hasi den arte Greziari gertatua Italiari ere gerta lekiokeela.

Orduantxe esnatu da lozorrotik Berlusconi bera eta neurriak hartzeari ekin dio. Haren alde esan behar da, behin hasita neurriak hartzen, onartutako sorta zabala dela eta bat-batean iragarri duela dena zalantza eta gaizkiulerturik ez gertatzeko. Gastua murrizteko neurri sorta da, funtzionarioei eta pentsionistei zuzendua. Bestaldetik, ez dago sarrera igoerarik, ez baita zerga igoerarik aberatsentzat.

Beraz, Italiako neurri sorta hau Europako beste herrialdeetan onartutakoen bide beretik dator. Nazioarteko Moneta Funtsaren gogoko neurriak dira, ekonomista neoliberalen gustukoak eta finantza merkatu anglosaxoiei ongi doazkienak, baina, arriskuan jartzen dituztenak Europako Ongizate Estatuaren oinarriak, hainbeste kostata eraiki direnak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea