Mundua -

Erresuma Batua

Gazte batek emakume bat hil eta bost pertsona zauritu ditu Londresen

Londreseko Poliziak baieztatu duenez, erasoak ez du terrorismoarekin loturarik. Erasotzaileak "buruko gaixotasunen bat" du.

Polizia erasoaren tokian, Londresen. Argazkia: EFE
Polizia erasoaren tokian, Londresen. Argazkia: EFE
Gazte batek labanaz emakume bat hil eta bost zauritu ditu, Londresen

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon batek emakume bat hil eta beste bost pertsona zauritu ditu bart Londreseko erdialdean, hiriko Poliziak goizaldean baieztatu duenez. Erasoa labanarekin egin du. Londreseko Poliziak eguerdian baieztatu duenez, erasotzaileak "buruko arazoak" ditu, eta hilketak ez du terrorismoarekin loturarik. Hildakoak 60 urte inguru zituen.

Kontakizun ofizialaren arabera, gizona Russell Squaren ikusi dute labanaz pertsonei eraso egiten, eta Poliziari abisua eman diote.

Minutu batzuk geroago polizia batek gizona atxilotu du pistola elektriko (Taser) batekin. Une honetan ospitalean dago Poliziaren zaintzapean.

Hiru zauritu, ospitaletik kanpo

Erasoaren tokira anbulantziak hurbildu dira. Sei zaurituren berri eman dute hasiera batean, baina gutxi geroago emakume bat hil da, Poliziak agiri batean azaldu duenez.

Londreseko Poliziak jakinarazi duenez, erietxean ziren bost pertsonetatik hiruri senda agiria eman diete ostegun honetan; beste biak han daude oraindik.

Polizia erasoaren tokian zabaldu da, lasaitasuna emateko.

Erasoa Londres Polizia. EFE

Erasoa Londres Polizia. EFE

Polizia erasoa izan den eremua zaintzen. EFE

Terrorismoarekin loturarik ez

Erasoaren egilea 19 urte dituen eta Somalian jaio baina Norvegiako nazionalitatea duen gizonezkoa da, Poliziaren hitzetan.

Hasiera batean, erasoak terrorismoarekin lotura zuela pentsatu du Poliziak, baina eguerdirako aukera hori baztertu du. "Oraindik ez dugu ikerketa amaitu, baina ematen du eraso espontaneo bat izan dela, eta biktimak ausaz aukeratu dituela. Erasotzaileak buruko gaixotasun bat du, eta horregatik egin duela ematen du", adierazi du Mark Rowley Scotland Yardeko komisariordeak.

Lasaitasun mezua

'Hercules Operazioa' martxan jarri berritan jazo da erasoa. Londreseko Metropoli Poliziak eta Alkatetzak bultzatutako ekimen honek 600 agente gehiago paratu ditu kalean, segurtasuna bermatze aldera.

Russell Squareko hilketa gertatu eta gutxira Sadiq Kham alkateak "lasaitasunari eusteko baina erne egoteko" deia egin die Londreseko bizilagunei.

Erasoaren "biktimei eta euren senitartekoei" elkartasuna adierazi die Londreseko alkateak, eta segurtasuna bere lehentasuna dela azpimarratu du.

"Gizonezko bat atxilotu dute erasoaren lekuan. Berarekin hitz egin dute gertakariaren arrazoiak argitzeko", azaldu du Khamek.

"Londreseko bizilagunei lasaitasunari eusteko eta erne egoteko eskatu nahi diet. Mesedez, susmagarria den ezer ikusten baduzue, salatu. Poliziaren begi eta belarriak izan behar gara, Londres babesten lagundu behar dugu", aldarrikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Erresuma Batua bideoak Londres