Mundua -
Krimenaren Organizazioa
Cosa Nostrako 40 kide baino gehiago atxilotu dituzte AEBn
New Yorkeko eta Filadelfiako familia nagusien aurkako operazioa da, besteak beste, Gambinotarrak, Genovesetarrak, Luchesetarrak eta Bonannotarrak daude.
agentziak | erredakzioa
40 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte AEBko bost estatutan, mafiaren aurkako operazio handi batean, agintari estatubatuarrek iragarri dutenez.
Atxilotu guztiei New Yorkeko bost familia handietatik lauren kide, alegia, Gambinotarrak, Genovesetarrak, Luchesetarrak eta Bonannotarrak, eta haien Filadelfiako taldeko kide izatea egotzi diete, New Yorkeko Fiskaltza federalaren arabera.
Besteak beste, estortsioa, iruzurra, arma-trafikoa, tabako-trafikoa eta legez kanpoko apustuak egitea egotzi diete.
Gainera, atxilotuetako askori indarkeriazko delituak egitea leporatu diete. Horrez gain, zenbait agintarik ustezko mafiosoek, jazarpenaren eta mehatxuen bidez, ezarritako "beldurraren giroa" azpimarratu dute.
Atxiloketok New York, New Jersey, Connecticut, Massachusetts eta Florida estatutan egin dituzte eta, tartean, organizazioaren goi mailako zein behe mailako kideak daude.
Akusazioaren arabera, Pasquale Parrellok, Eugene O'Nofriok eta Joseph Merlinok (azken hori Filadeldiako mafiaburua da) taldeko operazioak gainbegiratu eta kontrolatzen zituzten. Gainerako atxilotuek, aldiz, haien aginduak betearazten zituzten, besteak beste, "Tony the Cripple", "Muscles" edo "Mustache Pat" ezizenez ezagututako kideek.
Gaur, osteguna, egindako operazioan, Poliziak hiru pistola, eskopeta bat eta 30.000 dolar baino gehiago eskudirutan aurkitu dute.
New Yorken zabalduko auzian 46 pertsona ikertu dituzte, horietatik 39 atxilotu dituzte gaur, beste batzuk bazeuden Poliziaren esku eta hiruk ihes egitea lortu dute.
Akusatuek 24-72 urte dituzte, eta 20 urterainoko zigorrak ezarri lekizkieke.
New Yorken plazaratutako auziaz gain, Massachusetts estatuan beste bat ezagutu da, eta horretan, Genovese familiako bost ustezko kide daude.
"Cosa Nostrako bost familiako 46 kideren eta lider boteretsuen aurkako karguek erakutsi dute mafiak diharduela hirian eta herrialdean", esan du Preet Bharara fiskal federalak.
Gaineratu duenez, horren moduko kriminalen negozioak "sakabanatuta daude" hainbat sektoretan, baina haien "gidaliburua mehatxuak, erasoak eta hilketak egiten jarraitzea da, haien eskema kriminalak oztopatzen dituzten kontra".