Mundua -
Iruzkina
Obamak etsi egin du immigrazioaren aurkarien aurrean
Arizonak lege bat onartu du paperik gabeko etorkinak kontrolatzeko. Horretarako, poliziak kalean legez kanpoko etorkin itxura duen edozein geldiarazi ahal izango du.
Jesus Torquemada
Arazo larria topatu du AEBetako presidenteak, Barack Obamak: inmigrazioarena. Ez zen bere agintaldiko gai nagusienetakoa, baina halaxe bihur liteke Arizonan gertatutakoaren ondotik.
Estatu horretan lege bat onartu dute paperik gabeko etorkinak kontrolatzeko. Horretarako, poliziak kalean legez kanpoko etorkin itxura duen edozein geldiarazi ahal izango du. Hitz batean, mexikar itxura duen edozein. Beraz, azal kolorearen arabera diskriminatzen duen legea da.
Arizonan, ordea, Mexiko Berrian eta Kalifornian bezalaxe, jende asko dago jatorri mexikarra duena eta han bizi dena AEBak sortu baino lehenagotik. Horrek arazoa ekar diezaioke betiko herritar estatubatuarrari ere.
Hori gutxi balitz, errepublikanoek are gehiago gogortu nahi dituzte inmigrazio legeak. Obamaren arerio izan zen John McCainen ekimenez, Arizonako senataria baita hura, Kongresuak proposamen bat du eztabaidatzekoa Guardia Nazionaleko 6.000 soldadu bidaltzeko Mexikoko muga zain dezaten. Debate hori ez egiteko, Obamak onartu du 1.200 soldadu han hedatzea, baina aldi baterako, haren aholkulariek diotenez.
Horrela, ez du inoren gogoa betetzen, eta gero eta argiago ageri da inmigrazioarena kanpainarako gai nagusienetakoa gertatuko dela azaroko legegintza-hauteskundeetarako.