Mundua -
Funchal (Portugal)
Sute handi batek hiru hildako eta 300 zauritu utzi ditu Madeiran
Beste pertsona bat desagerturik dago. Fronteek Funchaleko erdialde historikoan aurrera egin dute bart. Suak hainbat etxebizitza kiskali ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez hiru pertsona hil eta beste 300 zauritu dira sute handi batean, Madeirako uhartearen hiriburuan, Funchalen. Hildakoak familia bereko kideak dira. Milaka bizilagun etxetik atera behar izan dituzte, Portugalgo artxipelagoaren Gobernuak baieztatu duenez.
Suteak astelehenean hasi ziren. Beste pertsona bat desagerturik dago. Fronteek Funchaleko erdialde historikoan aurrera egin dute bart. Suak hainbat etxebizitza kiskali ditu.
Haizeak eta beroak lagunduta, sugarrek aurrera egin dute azken orduetan. Hala, sua hiriburuko Baixa historikora hurbildu da. Soldaduak, suhiltzaileak (horietako batzuk Lisboatik heldu dira), boluntarioak eta herritarrak sutea gelditzeko lanean ari dira.
Funchalek 120.000 bat biztanle ditu. Hiriak orografia oso malkartsua du. Garai honetan milaka turista hartzen ditu.
Arazoak aireportuan eta errepideetan
Hiriko aireportuak zenbait hegaldi bertan behera utzi behar izan ditu haize-bolada bortitzak direla eta. Era berean, uharteko zenbait errepide itxi dituzte.
Madeirako suaz gain, Portugalen beste 12 sute handiren berri eman du Babes Zibileko Agintaritza Nazionalak (ANPC), guztiak herrialdeko ipar-erdialdean.