Mundua -
200 pertsona zaurituta daude
71 lagun hil dira Indian sabotaje baten ostean bi trenek elkar jota
Poliziaren Gehiegikerien Aurkako Batzordeak (PCPA), maoisten babesa duen talde batek, bere gain hartu baitu atentatua.
Erredakzioa
Gutxienez 71 pertsona hil dira eta 200 zauritu Bengala estatuan (India) bidaiari tren baten 13 bagoi errailetatik atera eta beste tren baten aurka talka eginda, Samar Ghosh herrialde hartako Barne ministroak baieztatu duenez.
NDTV telebista-katean egindako adierazpenetan, Ghoshek gaineratu du gorpuak hondakinen artean atzeman dituztela. Lehenengo trena Howrah eta Munbai bidea egiten ari zen, West Midnapore barrutian (Kalkutatik 135 kilometrora).
Ezbeharra 01:30ean jazo da (23:30 Euskadin).
Hasieran, talka gertatu baino lehen eztanda bat jazo zela esan zuen trenbide konpainien iturri batek, baina orain susmo nagusia dena matxino maoistek egindako sabotaje baten ondorioa izan dela da.
"Maoisten sabotajea izan den susmo handiak daude. Istripua izan den lekua haien gotorlekua da", azaldu du Ardendhu Sen eskualde administrazioaren buruak PTI agentzian.
Susmo horiek baieztatu egin dira handik eta gutxira, Poliziaren Gehiegikerien Aurkako Batzordeak (PCPA), maoisten babesa duen talde batek, bere gain hartu baitu atentatua.
PTI agentziak informatu duenez, PCPAk "bi kartel utzi zituen trenbidearen alboan, atentatua argi eta garbi aldarrikatuta".
Aipatu kartelek honako mezua erakusten zuten: "Aldez aurretik Segurtasun Indar Bateratuak Jangalmahal-etik joatea eta Poliziaren gehiegikeriak amaitzea eskatu genuen, baina ez dute bete".