Mundua -
Lege egitasmoa
Italiak seme-alabei dieta beganoa ezartzea gogor zigortu nahi du
Bat eta zazpi urteko zigorrak jaso lezakete gurasoek. Azkenaldian hainbat umetxok eta neska-mutilok arazo larriak izan dituzte gurasoek ezarritako dietagatik. Egunez egun polemika hazten ari da.
agentziak | erredakzioa
Seme-alabei dieta beganoa edo begetarianoa ematen tematuta dauden gurasoek kartzela zigorra jasotzeko arriskua izango dute Elvira Savino Forza Italiako parlamentariak aurkeztutako ekimenak aurrera jarraituz gero.
Savinok lege-egitasmoa aurkeztu du, "hazkuntza osasungarri eta orekatuak beharrezkoa duen oinarrizko elementurik gabeko dieta" seme-alabei ematea galarazteko, legearen bidez.
"Ez nago beganoen aurka, beti ere, helduek hartutako erabakia baldin bada", azaldu dio Reutersi, Italiako Parlamentuan egitasmoa aurkeztu eta egun batzuetara.
"Zentzugabekeria iruditzen zait zenbait gurasok ia modu fanatikoan, erlijiosoan, askotan ezagutza medikurik izan edo medikuari kontsulta egin gabe, euren borondatea inposatzea haurrei. 'Egin zeure kabuz' leloa kasu horietan aplikatzeak izutu egiten nau", gaineratu du.
Zenbait pediatrak ez dute dieta begetarianoa gomendatzen umeentzat, beharrezko elikagaien premia izango dutela iritzita.
Lege-egitasmo horretan oinarrituta urtebeteko kartzela zigorra ezarriko liekete gurasoei ume bati dieta begetarianoa emanez gero; lau urtekoa umeak behin betiko arazoa badu eta zazpi urterainokoa umea hiltzen bada, dietaren ondorioz. 16 urtetik beherako umeei zuzenduta dago eta zigorrek urtebeteko gehigarria izango lukete umeak hiru urte baino gutxiago baldin balu.
Izan ere, eguzkiaren herrialdean hainbat umetxok eta neska-mutikok arazo larriak izan dituzte gurasoek ezarritako dietagatik, alegia, jatorri begetala duten elikagaiak baino ez emateagatik.
Aurreko hilabetean, Milanen, medikuek ebatzi zuten urtebeteko ume batek hiru hilabeteko pisua zuela, dieta begetarianoa izatearen ondorioz.
2015ean, 12 urteko mutikoari dieta begetarianoa emateari uztea agindu zion Italiako auzitegi batek emakume bati, aitak salaketa jarri ondoren, hazkuntzan desorekak zituela ikusi zuelako.
"Seme-alaba bakar bat ere ospitaleratu behar baldin bada, jokaera horregatik, uste dut denak babestu behar ditugula", zehaztu du Savinok. Gainera, bere ustean, pediatrek agintariei jakinarazi beharko liekete guraso beganoen berri baldin badute, ume batean tratu txarren edo abusuen zantzuak ikusiko balute bezala.
Egitasmoa hastekoa den ikasturtean eztabaidatuko dute.