Mundua -

Erasoa

Gizon batek hiru pertsona zauritu ditu labanaz Austrian, tren batean

Ustezko erasotzailea 60 urteko gizon alemaniar bat da. Hiru zaurituetako bi, 19 eta 17 urtekoak, ospitalera eraman dituzte, zauri larriak baitzituzten.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko batek aldirietako tren batean zihoazen hiru pertsonari labana batez eraso eta zauritu ditu Vorarlberg estatuan, Austriako mendebaldeko muturrean, ORF telebista publikoak iragarri duenez.

Ustezko erasotzaileak, 60 urteko alemaniar batek, buruko nahasmenen batek jota jardun du, itxura guztien arabera, eta Poliziak atxilotu egin du. Hiru biktimetako bi inguruko klinika batera eraman dituzte, zauri larriak zituztela.

Hirugarren zauritua erasotzailea geldiarazi eta Poliziaren esku uzten lagundu duen bidaiarietako bat da.

Erasoa, Poliziak zehaztu duenez, 06:30ean izan da, Beregenz hiriburura, Suitzako mugatik gertu dagoen hirira, zihoan tren batean. Erasotzailea Sulz herriko geltokian atxilotu dute, Beregenzetik 30 kilometrora.

Erasotzailearen aurrean eserita zihoan 19 urteko gizon batek labankada bat jaso du sabelean eta beste bat bizkarrean, eta 17 urteko gizon bat lepoan zauritu dute labanaz.

Beste bidaiari batek, 22 urteko gizonezko batek, ebaki bat jaso du eskuan, piperrauts gasa erabili duten polizia agenteekin batera erasotzailea geldiarazten ari zela.

ORFren arabera, erasoaren atzean terrorismoa egotea baztertu dute agintariek, eta Suitzan duela egun batzuk antzeko eraso bat izan zela gogorarazi dute. Orduan, erasotzailea eta 34 urteko emakumezko bat hil ziren, eta beste bi pertsona, tartean 6 urteko neskato bat, larri zauritu zituzten.

Eraso horren arrazoiak ere ez dituzte oraindik argitu, baina Suitzako Poliziak terrorismoa baztertu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea albisteak Austria azken ordukoa