Mundua -

Presidentetzarako

Santosek irabazi ditu Kolonbiako hauteskundeak, alde handiarekin

Defentsa ministro ohiak botoen % 46,57 eskuratu du, beraz, bigarren itzulia beharko du eta Mockus Alderdi Berdeko hautagaia izango du aurkari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Defentsa ministro ohi eta U Alderdiaren hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak Kolonbian botoen % 46,57rekin, eta gehiengo absolutua lortzear izan da, baina bigarren itzulia beharko du presidente izateko eta Antanas Mockus botoen % 21,48 eskuratu dituen Alderdi Berdeko hautagaia izango du aurkari.

Botoen % 99,24 zenbatuta, hautagai ofizialistak % 25eko aldea atera dio Alderdi Berdeari eta Kolonbiako 32 departamentutako 31tan irabazi du. Mockusek, berriz, Putumayo Kolonbiako oihaneko departamentuan soilik irabazi du.

Santosen eta Mockusen atzetik, German Vargas Lleras Aldaketa Erradikala alderdiko hautagaia geratu da botoen % 10,14rekin, Gustavo Petro PDA alderdi ezkertiarreko hautagaiak botoen % 9,16 lortu ditu, Noemi Sanin kontserbadorek % 6,14 eta Rafael Pardo liberalak % 4,37.

Datuok agerian uzten dute alderdi tradizionalen porrota: Alderdi Kontserbadorearena, Sanin kantziler ohia buru duenarena, eta Alderdi Liberalarena, Rafael Pardo Defentsa ministro ohia buru duenarena.

Bigarren itzulia

Alvaro Uriberen ondorengoa zein izango den hauteskundeen bigarren itzulian jakingo da.

Petro alderdi ezkertiarreko hautagaiaren aldekoek Mockusen alde egingo duten edo abstenitu egingo diren jakiteko dago, eta kontserbadoreek, liberaleketa Aldaketa Erradikalekoek zer egingo duten ere ez dago batere argi.

Abstentzio handia

Abstentzioa oso altua izan da, % 51 ingurukoa, herrialde honetan izan ohi dena adinakoa. Hala ere, kanpaina nola burutu den ikusita, adituek uste zuten are handiagoa izango zela abstentzioa.

FARCek abstentzioa eskatu zuen eta Kolonbiako Indar Armatuak alerta egoeran izan dira hauteskunde eguna babesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea