Mundua -

'Askatasunaren ontzidia'

Nazioartea haserre, israeldarren erasoa dela eta

NBE "jota" agertu da. Zapaterok "larri"tzat eta "kezkagarri"tzat jo ditu gertakariak, eta Turkiak ohartarazi du Israelek "ondorioak" pairatu beharko dituela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko herrialdeek ez dute itxaron Israelek Gazarentzat laguntza humanitarioa zeraman itsasontzien kontra egin duen erasoa gaitzesten. Gutxienez 10 pertsona hil dituzte eta 30 lagun inguru zauritu dira.

NBE, "jota"

Navi Pillay Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Goi Ordezkaria "jota" agertu da Israeleko Armadaren erasoarengatik.

NBEren Giza Eskubideen Kontseiluaren irekieran, Pullayk esan du "jota" daudela erasoari buruzko informazioak jaso dituztenean, "hildakoak eta zaurituak" izan direlako.

Zapaterok "larri"tzat eta "kezkagarri"tzat jo du erasoa

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak "larri"tzat eta "kezkagarri"tzat jo ditu gaur goizaldean Gazatik gertuko uretan gertatutako erasoak.

Zapaterok baieztatu duenez, oraindik ez dute itsasontzian zihoazen kooperante espainiarren berri.

Gainera, gogorarazi du Raphael Schutz Israelek Espainian duen enbaxadorea deitu duela Atzerri Ministerioak azalpenak eman ditzan.

Turkiak "ondorioak" iragarri ditu

Turkiako Atzerri Gaietarako Ministerioak gogor erantzun dio Israeli, erasoaren harira.

Ohar batean, Israelgo Gobernuak egindakoaren ondorioak jasoko dituela iragarri du.

Ashtonek "ikerketa" bat exijitu du

Catherine Ashton Europar Batasunaren diplomaziaren buruak erasoari buruzko "ikerketa oso bat" egiteko eskatu die Israelgo agintariei.

EBren goi ordezkariak "atsekabetuta" dagoela azpimarratu du eta elkartasuna helarazi die hildakoen eta zaurituen senideei.

Eurodiputatuek gaitzetsi egin dute

Europako Parlamentuko kideek gaitzetsi egin dute erasoa eta Gazako sarrerak berehala irekitzeko eskatu dute.

"Onartezina da itsasontzietako zibilen kontra indarra erabiltzea", adierazi du agiri batean Martin Schulz sozialisten buruzagiak. Haren arabera, Israelek "marra gainditu du bere ekintza militarretan eta gure telebistetako pantailetan ikusi ahal izan dugu".

Pakistan: eraso ankerra eta bihozgabea

Pakistango Gobernuak "anker"tzat eta "bihozgabe"tzat jo du Israelgo Armadaren erasoa eta nazioarteko lege eta arauen "urraketa handia" izan dela gaineratu du.

"Pakistango Gobernua erabat kezkatuta dago Gazara bidean zihoan itsasontziko pakistandarren egoeraz", adierazi du Atzerri gaietarako Ministerioak ohar baten bitartez.

Siriak Arabiar Ligaren bilera eskatu du

Siriako agintariek Arabiar Ligaren premiazko bilera eskatu dute. Siria izan da erasoaren aurrean gaitzespena eman duen lehenengo herrialdea.

Anaia Musulmanak

Egiptoko Anaia Musulmanak taldeak gaitzetsi egin du Israelen erasoa eta "sionistekin" harremanak dituzten estatuei bertan behera uzteko eskatu diete.

Mugimendu islamiarrak "kriminal"tzat jo du gertakaria eta herrialde islamiarrei haserrea agertzeko eskatu die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea