Mundua -

"Bakearen jirga"

Afganistango presidenteak kohete eraso bat saihestu du

Jaurtigai bat Gobernuko ordezkarien dendatik 50 metrora erori da, Hamid Karzaik bertatik alde egin eta gutxira. Ez da biktimarik izan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi kohete jaurti dituzte gaur Hamid Karzai Afganistango presidenteak "bakearen jirga" inauguratu duen lekutik gertu, Kabulen, baina ez da biktimarik izan, polizia-iturriek jakitera eman dutenez.

Barne Ministerioak zehaztu du bi jaurtigaietako bat Gobernuko ordezkarien dendatik 50 metrora erori dela, Hamid Karzaik hitzaldia eman eta bertatik alde egin eta gutxira.

Talibanek armak uzteko bakerako egitasmo bat aurkeztu du Karzaik 1.300 inguru ordezkariren aurrean.

Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, hiru kohete jaurti dituzte ‘jirga’ egiteko erabili duten karpatik gertu eta segurtasun indarrak talibanen kontra oldartu dira gero, eta erasotzaileetako batek soinean zeraman lehergailua eztandarazi du. Lehenengo erasotik ordubetera, oraindik tiro hotsak entzuten ziren.

Erasoa Karzairen hitzaldiaren erdian gertatu da. “Eser zaitezte, ez da ezer gertatu”, adierazi du Karzaik. Izan ere, dagoeneko onik atera da bi atentatutatik eta urduri ikusi ditu bertan zeuden ordezkariak. “Hontara ohituta nago, mundu osoa dago hontara ohituta”, gaineratu du. Hitzaldia amaitu ostean, Karzaik ‘jirga’tik alde egin du.

Talibanek eta Hezb-i-Islami taldeak uko egin diote bileran parte hartzeari. “Erasoa gure borrokalariek egin dute”, adierazi dio Reutersi Zabihula Muyahidi talibanen bozeramaileak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea