Mundua -
Iruzkina
Israelek Gazari egiten dion blokeoa
Duela hiru urtetik hona, ez pertsonak ezta merkantziak ere, ezin daitezke askatasunez ibili Gazako muga inguruetan.
Jesus Torquemada
Gazara laguntza zeramaten itsasontzien kontra Israelek egindako erasoak gaiaren puntu nagusia gogorarazteko balio izan du: Gazari Israelek egiten dion blokeoa. Duela hiru urtetik hona, ez pertsonak ezta merkantziak ere, ezin daitezke askatasunez ibili Gazako muga inguruetan.
Politika horri eusteko israeldarrek ematen duten argudioa da Gazan Hamasek agintzen duela, Hamasek Israelgo Estatua suntsitu nahi duela eta Israelgo segurtasunerako mehatxu bat izan litekeela, Hamasi armak hartzen uzten bazaio. Horrek badu egiatik zerbait.
Israelgo lurraldearen kontrako erasoak egin ditu Hamasek; koheteak bota ditu edota komandoak infiltratu ditu, eta ahal bezain pronto berriro egingo du.
Baina Israelen blokeoak Gazako biztanle guztiak zigortzen ditu, eta nazioarteko legediaren kontrakoa da erabat. Baina, badago alderdi bat batzutan ahaztu egiten dena: Egiptok Rafahko mugako pasabidea itxita dauka, eta beraz, horrekin Egiptok ere blokeo horretan laguntzen du.
Hamas Egiptoko Musulman Anaien aliatua da, Mubarak presidente egiptoarra agintetik bota nahi du horrek, eta horregatik du Mubarak presidenteak jokabide hori.
Egiptoarrak oso haserre daude Mubaraken politika horrekin, ez baitute ulertzen nolatan ari den euren herrialdea palestinarrak itotzeko politika hori egiten. Horregatik, Mubarakek amore eman du herriaren presio horren aurrean eta Rafahko muga ireki egin du, nahiz eta itxura guztien arabera egun batzuetarako bakarrik izango den.