Mundua -
Poliziak gorpua aurkitu du
Gutxienez 12 lagun tiroz hil ditu gizonezko batek, Ingalaterran
David Cameron lehen ministroaren arabera, gutxienez 12 lagun hil ditu taxi-gidariak. Poliziak ustezko hiltzailearen gorpua aurkitu du.
Erredakzioa
52 urteko gizonezko batek gutxienez 12 lagun tiroz hil eta beste 25 zauritu ditu gaur eguerdian Cumbrian, Erresuma Batuan. Poliziak jakinarazi duenez, tiroketaren ondoren, tokitik ihes egin du. Ondoren, Derrick Bird ustezko hiltzailearen gorpua aurkitu du poliziak, bere ibilgailuaren barruan.
Poliziak azaldu duenez, tiroketa Duke Street kalean hasi da, Whiteheaven herrian (Cumbrian). Poliziak ondoko herriko biztanleei etxean egoteko eskatu die eguerdian, baina, minutu batzuk geroago taxi-gidariaren gorpua aurkitu egin dutela baieztatu egin dute, ohar baten bidez. Derrick Birdek bere buruaz beste egin du.
Dibortziatua eta bi seme-alaba
Iturrien arabera, ustezko hiltzailea, 52 urteko taxi-gidaria, dibortziaturik zegoen eta bi seme-alaba ditu. Erasotzaileak zenbait lankideri tiro egin die Whitehavenen (Cumbria). Ondoren autoan Lake District zona turistikora joan da beste biktima batzuei tiro eginez, dirudienez, zoriz.
Antza denez, taxi-gidariak "gutxienez 30 toki ezberdinetan" egin du tiro, Poliziak azaldu duenez.
Erasotzaileak bere amaren aurka tiro egin duela esan du lekuko batek, baina Poliziak ama bizirik zela baieztatu du gutxi geroago.