Mundua -
Analisia
'Sorpassoa', Alemaniako eskuinan
Duela urtebete Merkelek atea ireki zien errefuxiatuei eta, gerora ate hori itxi bazuen ere, garesti ordaintzen ari da erabaki hori. Hala, zail jarri zaio hauteskunde federaletan karguari eustea.
Jesus Torquemada
Mecklenburg-Aurrepomerania poplazio txikiena duen Alemaniako "land" edo eskualdeetako bat da, bi milloi biztanle ere ez ditu. Hala ere, han gertatu da aurreikusten ari ginen lurrikara.
Lehen aldiz, Alemaniarentzako Alternatiba izeneko alderdi ultranazionalistak aurre hartu dio Angela Merkelen CDU alderdi demokristauari. Garbi dago zergatik gertatu den hori, Alemanian errefuxiaturik nahi ez duen alemaniar asko dagoelako. Gutxienez, Alemaniarentzako Alternatibari botoa eman dion ehuneko 20 hori.
Duela urtebete Merkelek esan zuen Alemaniak ateak irekiko zizkiola errefuxiatuei eta, gerora atea itxi zuen arren, milioi bat eta laurehun mila errefuxiatu geratu dira Alemanian. Orain, Merkel boto galerarekin ordaintzen ari da erabaki hura, geroztik egin diren eskualde hauteskundeetan bere alderdiak atzera egin baitu. Gauzak horrela, oso garesti jartzen ari zaio duela urtebete eskura zuena, hots, datorren urteko hauteskunde federaletan kantziller karguari eustea.
Alemaniarentzako Alternatibak oso ondo aprobetxatu du errefuxiatuen kontrako jarrera eta ez du arazorik arrazismoaren bandera astintzeko. Dagoeneko hamasei eskualdeetako bederatzitan lortu du parlamentuan sartzea, eta datorren urteko hauteskunde federaletan hankaz gora jar lezake Bundestanga.