Mundua -
Analisia
Gero eta arazo gehiago ari zaizkio pilatzen Obamari
Obamak ez du Israelen kontra gogor jokatu eta beraz, inork ez du uste benetako bake-prozesua abiaraziko duenik Ekialde Hurbilean.
Jesus Torquemada
Burua altxatzen eta hauteskunde kanpainan agindutakoa betetzen hasi den honetan, Barack Obama Estatu Batuetako presidenteak hiru arazo larri ditu.
Lehenik eta behin, Arizonan onartu zuten etorkinen kontrako legea. Estatuko arazo bilakatu da lege hori, izan ere, hispanoek Obamaren alde bozkatu zuten eta orain huts egin dietela uste dute.
Hurrengo hauteskundeetan pentsatzen hasita, Obamak irabazi nahi badu hispanoen laguntza ez da nahikoa izango. Hori bai, argi dagoena da, hispanoen botorik gabe Obamak hauteskundeak galduko dituela.
Israelgo armadak Gazara zihoan ontziari egindako erasoa da Obamaren bigarren arazo larria. Beste behin agerian geratu da Estatu Batuek ezin dutela euren kide israeldarra kontrolatu. Obamak ez du Israelen kontra gogor jokatu eta beraz, inork ez du uste benetako bake-prozesua abiaraziko duenik Ekialde Hurbilean.
Hala eta guztiz ere, Obamaren irudia gehien kaltetzen ari den arazoa Mexikoko Golkoan dagoen petrolio isuria da. Estatu Batuetako kostaldera iristen ari da jada petrolioa eta hiritarrek uste dute Obamak gehiago egin dezakeela egoera hori konpontzeko.
Aipatu arazoen ondorioz, beste behin zalantzan jarri dute Obamak lider izateko duen gaitasuna.