Mundua -
2007ko uztailean jazo zen
Yemengo atentatuaren arduradunak Poliziaren esku utzi du bere burua
Atentatu horretan hiru euskal herritar hil zituzten: Mikel Essery, Magie Alvarez eta Mariasun Vitorica.
Erredakzioa
Duela hiru urte, 2007ko uztailean hain zuzen ere, Yemenen Euskadiko eta Kataluniako zortzi turista hil zituzten atentatua ustez antolatu zuen Al Kaidako buruzagiak Poliziaren esku utzi du bere burua, Defentsa Ministerioak bere webgunean baieztatu duenez.
Atentatu hartan hiru euskal herritar hil zituzten: Mikel Essery, Magie Alvarez eta Mariasun Vitorica.
Mareb probintziako (Sana-tik 170 kilometro ekialdera) gobernadoreak azaldu du atxilotutakoa Hamza al Diyani dela, eta atzo joan zela agintarienera.
Aipatu iturrien arabera, Yemengo Poliziak Al Kaidaren aurkako kanpaina zorroztu eta gero utzi du Al Diyanik bere burua Poliziaren esku.
2007ko uztailaren 7an, suizida batek lehergailuak zeramatzan auto bat eztandarazi zuen zortzi turistak zihoazen konboiaren aurka. Zazpi une horretan bertan hil ziren, eta handik eta egun batzuetara Mariasun Vitorica arabarra.
Atentatua Hamza al Qaiti izeneko gizon batek agindu zuen, baina 2008ko abuztuan hil zen, Poliziak Hadramut probintzian (190 kilometro hego-ekialdera) egindako sarekada batean.
Azken aldian, Sanako Gobernuak zorroztu egin du Al Kaidaren aurkako kanpaina. Izan ere, abenduaren 25ean AEBetara biden zegoen hegazkin batean atentatua egiten saiatu zen gazte nigeriarra Yemenen prestatu zuten.