Mundua -
Osasun arazoak
Clintonek kanpainako ekitaldiei helduko die berriro
Hillary Clintonek eta Donald Trumpek euren osasun historialak plazaratu dituzte, AEBko presidente izateko dituzten gaitasunei buruzko zalantzak ezabatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Hillary Clinton Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateko hautagaiak ostegun honetan helduko die berriro bere hauteskunde kanpainako ekitaldiei, zenbait egun atseden hartzen eman ondoren, 2001eko irailaren 11ko atentatuen omenezko ekitaldi batetik osasun arazoek eraginda alde egin behar izan ostean.
Nick Merrill bere kanpainako bozeramaileak jakitera eman duenez, Clintonek "txostenak irakurtzen eta deiak egiten" igaro zuen asteazkena. Hala plazaratu du CNN telebista-kateak.
Clintonen osasun egoera izan da azken egunetako eztabaidagai nagusia, pneumonia zuela argitara eman eta gero.
Astelehenean, Estatu-idazkari ohiak bere osasun egoeraren inguruan dagoen iluntasunari buruzko kritikei erantzun zien, garrantzitsua iruditu ez zitzaiola argudiatuta.
Hautagaien osasun historialak plazaratu dituzte
Horren inguruan piztutako polemikaren aurrean, Etxe Zurirako bi hautagai nagusiek, Hillary Clintonek eta Donald Trumpek (68 eta 70 urte, hurrenez hurren), euren osasun historialak plazaratu dituzte AEBko presidente izateko dituzten gaitasunei buruzko zalantzak ezabatzeko.
Clintonen kanpainako kideek haren sendagileak idatzitako bi orriko gutun bat argitaratu zuen. Horren esanetan, Clinton "osasuntsu eta sasoiko dago AEBko presidente izateko".
Trumpek, berriz, bere osasun analisien kopia bat eman zion Mehmet Oz telebista-aurkezleari, ostegun honetan emango duten The Dr. Oz Show saioaren grabaketan.
Sarah Huckabee Trumpen kanpainako aholkulariak aditzera eman duenez, "Trumpek osasun ona dauka, baina kilo batzuk gal ditzake"; izan ere, une honetan 120 kilo ditu.