Mundua -

Krisiak markatuta

Holanda botoa ematen ari da bere hauteskunde legislatibo aurreratuetan

Inkesten arabera, eskuineko liberalak (VVD) izango dira garaile eta PvdA alderdiko laboristek bigarren indar politikoa izateari eutsiko diote.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

12 milioi holandar botoa emateari ekin diote ekonomiarekiko ardura nagusi diren hauteskunde legislatibo aurreratuetan. Eskuineko liberalak (VVD) dira faborito nagusiak.

10.000 hautesleku inguru irekita daude 7:30ak eta 21:00ak bitartean (5:30etatik 19:00etara Euskadiko orduan).

Hauteslekuak itxi bezain laster lehen zundaketen berri emango dute eta handik ordu erdira lehen behin-behineko emaitzak jakinaraziko dituzte.

Berritasunei dagokionez, eskuz emango dute botoa, hau da, norberaren hautua adierazteko arkatz gorri bat erabiliko dute. Botazio automatikoak pribatutasun berme nahikorik ez duela uste dute agintariek.

Zundaketak

VVD jotzen dute irabazle (egungo 21 aulkiak barik, 36 lortuko lituzkete inkesten arabera) holandarrek krisiarekiko duten arduragatik. Dena den, Holandako langabezia tasa Europar Batasuneko baxuena da, % 4,1ekoa maiatzean.

Inkesten arabera, Jan Peter Balkenende lehen ministroaren demokristauak zigortuko dituzte boto-emaileek, hain zuzen, beraien 41 aulkietako ia erdia galdu eta 21 diputatu lortuko lituzkete. PvdA alderdiko laboristek bigarren indar politikoaren izateari eutsiko liokete, baina aurreko hauteskundeekin alderatuta 33 aulkietako 4 galduko lituzkete.

Geert Wilders buru duen Askatasunerako Alderdiari kalte egingo lioke VVDren garaipena eta laugarren postua (18 aulki) lortuko lukeen arren, 2006ko azaroko hauteskundeetan baino boza gehiago izango lituzke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea