Mundua -
Ipar Carolina
Charlotte larrialdi egoeran, gauean istilu larriak izan ostean
Pertsona bat larri zauritu dute, tiro eginda. Kalte handiak izan dira hiri-altzarietan, dendetan, etxebizitzetan eta ibilgailuetan. Poliziak gas negar-eragileak eta gomazko pilotak jaurti ditu.
agentziak | erredakzioa
Pat McCrory Ipar Carolinako gobernatzaileak larrialdi egoera ezarri du gaur, osteguna, Charlotte Ipar Carolinako hirian, bart istilu larriak izan ostean, Poliziaren ustezko gehiegikeri batean gizon beltz bat hil delako.
McCroryk Ipar Carolinako Guardia Nazionala talde militarra kalera ateratzea agindu du, Charlotteko poliziei lagun diezaien. Hirian 825.000 pertsona bizi dira eta, horietatik, % 35 beltzak dira.
Lagun bat tiroz oso larri zauritu dutela ezagutu ostean hartu du erabakia gobernatzaileak. Istiluok iluntzean hasi ziren eta goizaldera arte iraun dute.
Hasieran, Charlotteko Alkatetzak zauritua hiltzat jo badu ere, ondoren esandakoa zuzendu, baina argi utzi nahi izan du pertsona zibil batek zauritu duela, ez agente batek. Edonola ere, tiroketak protestaren tentsioa areagotu egin du.
"Ezin dugu indarkeria onartu, ezin dugu ondasunen suntsiketa onartu eta ez ditugu onartuko dagoeneko izaten ari diren polizien kontrako erasoak", esan du McCroryk CNN telebista katean, larrialdi egoera ezarri eta gutxira.
Momentuz, ez dago argi zenbat pertsona dauden zaurituta, ezta zenbat atxilotu dituzten ere, baina asko izatea espero da, manifestari batzuek kalte handiak eragin baitituzte hiri-altzarietan, dendetan, etxebizitzetan eta ibilgailuetan.
Poliziak, bere aldetik, gas negar-eragileak eta gomazko pilotak jaurti ditu.
Armarik ez zuen gizon beltz bat hil du poliziak AEBn: